Kaixo irakurle, beste urtebete pasatu da eta urte aldaketa berri baten aurrean gaude. 2016 honetan gure proiektu honek interneten 15 urte bete dituenez, 16. urte aldaketa daukagu sarean gaudenetik. Ez dugu izan, egia esan, oso urte amaiera fina... edo bai. Txarra izan da ekonomikoki, gure proiektua astindu duen kolpea jaso baitugu Gipuzkoako Foru Aldundiak bere urtetako sostengua ez berritzerakoan, baina ona, elkartasun mezu andana benetan handia jaso baitugu.
Donostia-San Sebastian. Eskerrak eman nahi dizkizuegu egun hauetan zeuon elkartasuna eta sostengua adierazi diguzuen lagun guztiei. Asko izan zarete, eta benetan eskertzen dizuegu, mezuak etengabe ailegatzen joan baitzaizkigu, sare sozialen bidez, webgunera bertara eta posta elektronikora. Asko zarete eta onak, mila esker zuen gertutasunagatik eta elkartasun hitzengatik, eta prest agertzeagatik sostengatzen segitzeko gure esanetara jarrita. Estimatzen dizuegu benetan: familia bateko parte izateak honelako kinka eta uneetan hartzen du esangura osoa, eta gu egun hauetan honela sentitzen gara, parte, honelakoa baita guk nahi dugun Diaspora, aktibo, ekile, parte-hartzaile eta konprometitua.
Urtero bezala, urtarrilean eten bat egingo dugu, ez lanean, baina bai buletinaren emisioan. Aurten inoiz baino gehiago, etxe barneko lanak bideratzen eta urte berriari nola hobekien eutsi hausnartzen --egun gutxi batzuk-- eta ondoren prestatzen ibiliko gara. Izan ere, otsailean 1ean, ditugun indarrak ongi doituta eta etekinik handiena ateratzeko buletinarekin berriz ere plazaratzeko asmotan. Zenbait elkarrizketa ere eskatu ditugu elkarte eta erakunde batzuetan, datuak eskuratzeko, aurtengoan, bakarrik erabat bermatuta daukagun aurrekontuarekin lan egin ahal izango baitugu, halakorik egitea posible bada, hainbat datu oraindik agertzeke baitaude. Urtarrilean, baina, Eusko Jaurlaritza berriak egiteko geratzen zaizkion izendapenak ere bururatu beharko lituzke, eta beraz, solaskide horiekin bildu eta Diasporarekiko, bereziki informazio, sustapen eta komunikazio alorrean dauzkaten planak ezagutu nahi izango ditugu, ondoren datu horien arabera jokatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren kasuan, egoera bideratzen saiatuko gara, dirulaguntza zergatik kendu diguten jakiten saiatzen, eta konponbidea enseatzen hainbeste kalte egin digun aurtengo egoerari.
Gure mezua beraz, esker onekoa da ororen buru, eta baikorra, baikorrak baikara zabaltzen den urte berriari begira, aukera berriak ekarriko dizkigulakoan. Inork ez du esan ahai izango ez garela aski saiatu, apustuari eusten baitiogu lortu ditzakegun emaitzek merezi dutelakoan. Eta emaitzen berri izango duzue, gure jarraipena bera baita jokoan dagoena.
Guztia laburtzeko, Urte Berri On eta agiantza onenak, irakurle! Badakizu non gauzkazun.