euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Zorion perfektua" Birmingham-en, bihar abiatuko den Euskal, Katalan eta Galiziar Zinema Sailean

2013/05/08

Anne Igartiburu aktorea "Zorion Perfektua" filmaren irudi batean
Anne Igartiburu aktorea "Zorion Perfektua" filmaren irudi batean

PUBLIZITATEA

Birmingham-eko Unibertsitateak bihar bertan jarriko du abian Euskal, Katalan eta Galiziar Zinema Sailaren hirugarren edizioa, bertan hiru hizkuntzok irakasten dituzten irakurletzek eta kultura sailek antolatuta. Zinemaldia euskal film batekin hasiko da: Jabi Elortegiren "Zorion Perfektua", Anjel Lertxundi idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua. Zuzendaria emanaldian izango da eta lanari buruz hitz egingo du bertaratzen diren ikusleekin.

Birmingham, Ingalaterra. Bihar hasiko da Birmingham-eko Unibertsitatean 3rd Basque, Catalan and Galician Cinema Season delakoa. Unibertsitate honetako Euskara eta Euskal Kultura Irakurletza da ekimenaren antolatzaileetako bat, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Emanaldiak jatorrizko bertsioan ikusi ahalko dira, ingeles azpitituluekin, horrela ikasleek hizkuntza hauek entzuteko eta praktikatzeko aukera izango dute. Sarrera doakoa eta guztiei irekia izango da, ikasleei zein unibertsitatetik kanpoko bisitariei.

Emanaldiak unibertsitateko Barber Institute of Fine Arts eraikinean egingo dira eta, guztira, hiru emanaldi izango dira. Bihar abiatuko da saila, Jabi Elortegi euskaldunaren "Zorion Perfektua" filmarekin. Eguerdiko 14:30etan hasiko da luzemetraia eta, ondoren, zuzendariak solasaldia egingo du bertara biltzen diren ikusleekin. "Zorion perfektua" Anjel Lertxundi idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua da eta Anne Igartiburu aktorea du protagonista nagusi.

Hurrengo emanaldia maiatzaren 16ean izango da, Gustavo Balza galiziarraren "Doentes" filmarekin. Kasu honetan ere, zuzendariak emanaldian parte hartuko du eta berbaldia egingo da ondoren. Birmingham-eko Euskal, Katalan eta Galiziar Zinema Sailaren azken emanaldia maiatzaren 23an egingo da, Patricia Ferreira zinemagilearen "Els nens salvatges" luzemetraiarekin. Oraingoan, baina, zuzendariaren ordez Gonzalo Bendala ekoizlea izango da emanaldian, filma aurkezteko.

Zinemaldiari buruzko informazio gehiago GalBasCat blogean, hemen.

-"Zorion Perfektua" filmari buruzko informazio gehiago, hemen: www.zorionperfektua.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia