Donostia-San Sebastian. Gaur betetzen ditu 9 urte gure lagun Franciscok (Fredrickson Lizarzaburu) eta oso besarkada estua helarazi nahi diogu lerro hauek tarteko eta ozen Zorionak! esan. Badaukagu bere osasun faltaren berri eta ez dela batere ongi pasatzen ari. Alboan ditu familia, eta gure beste lagun bat, bere aitona Wilfredo Lizarzaburu, askok euskal diasporan ezagutzen dutena, Trujilloko Euskal Etxeko fundatzaile izan baitzen eta gaur egun elkarteko lehendakaria baita, Perun, askotan gertatu ohi den bezala lehendakari eta lehenengo langile eta bolondres, eta pertsona oso ezagutu eta estimatua munduko hainbat euskal komunitate eta euskal etxetan.
Jakinarazi nahi dizugu, Francisco, zurekin gaudela, asko gustatzen zaigula zure lagunak izatea, eta kontent gaudela elkarrekin partekatzen ditugulako euskal kultura eta sentimentuak, aitona Wilfredok irakatsi dizkizunak, euskal mitologia gustatzen zaizula bereziki. Hemen, Euskal Herrian, eta Diasporako beste leku askotan lagunak dituzu, zurekin bat egiten dugu eta gogoan zaramatzagu. Halaxe egin genuen duela oso gutxi Bahia Blancako Euskal Aste Nazionaletik, Argentinan. Eta egiten dugu oraintxe, zure urtebetetzea dela-eta.
Bideoa Francisco eta bere aitona Wilfredori Bahía Blancako Euskal Aste Nazionatik bidalia
Nativity School-eko laugarren graduko ikaskideek bisita egin zioten joan den larunbatean Franciscori bere urtebetetzearen karietara. Franciscori ikaragarri gustatzen zaio espazioarekin, espazio-ontziekin eta historiarekin zerikusia duen oro, eta horren jakitun bere laguntxoek irudian bere ondoan agertzen den espazio-ontzia oparitu zioten. Euren elastiko horietan irakur daiteke: "I wear a ribbon for Francisco" (zerrenda bat daramat Francisco gogoan)
Francisco eta bere ama, urtebetetze-tarta jaten laguntzen
Bob Cilinsky bikarioa Franciscori bisitan; eta Francisco, bere aitona Wilfredo Lizarzabururekin
Euskal jai batean irudikatzen zaitugu, txapela ongi egokitzen (jakin badakigu-eta txapel eder gorri bat daukazula) eta euskal musika entzuten, egungo euskal gazteen musika erritmodun animatua. Eta jotzen, zergatik ez, piezaren bat pianoan, badakigu-eta gustukoa duzula oso pianoa jotzea.
Parte sentitzen zaitugun Euskal Herri eta Diaspora honetatik, jaso besarkadarik tinkiena, Mexikon esango luketen bezala "apapacho" handi-handi bat.
Zurekin gaude, maite zaitugu, Francisco, kolega hori.
(eta zure aitona Wilfredori: badakigu oso zirkunstantzia zailak direla, baina, mesedez, zaindu zaitez)
Franciscok gaixotasun gupidagabe bat jasaten du, ebakuntzarik onartzen ez duen burmuineko minbizi larri bat (DIPG), aurreratua, eta bere akabera hurbil egon daiteke. Bere gorputzaren kontrol fisikoa galtzen joan da eta mintzatu eta adieraztea ere zinez zaildu egin zaizkio azken egunotan. Virginiako Bob Cilinsky bikarioaren bisita jaso berria du eta joan den larunbatean eskolako ikaskideak etorri zitzaizkion despeditzera, oso 'urtebetetze festa' bitxia izan zen bisitan. Bere aitona Wilfredok borrokalari handi bat dela esaten du, "bere partetik zeukan guztia jarri duen gerlari bat da, ilusio handiak zeuzkan Idahora hurrengo Jaialdira joateko. baina ez da posible izango", diosku hunkituta eta deseginda, baina bilobaren aurrean haritza bezain sendo agertuz. Familia osoa dauka Franciscok inguruan, ahal duten sostegu guztia ematen. Francisco 2015eko azaroaren 27an jaio zen Liman eta Estatu Batuetara aldatu zen familiarekin 2018an. 2023ko maiatzean diagnostikatu zioten tumorea, bere amak bizkien hardun zegoela jakin eta bost egun beranduago. Virginian bizi da, eta inguruan dauzka guraso Ryan eta Laura, bere arreba Mariana, lau urtekoa, anaia bizkiak, Mateo eta Gabriel, aitona-amonak eta bi aldeetako familiak, euren artean gure lagun Wilfredo. Eurei gure animoak eta sostengua eta fededunen otoitza Diasporako hainbat lekuetarik.