Pariseko Expolangues hizkuntz-azokan izango dira gaur bertan Gerardo Markuleta idazlea eta Jabier Muguruza kantaria, Etxepare Euskal Institutuak eta Azkue Fundazioak gonbidatuta. "Zoopoémes" izeneko poesia eta musika emanaldia eskainiko dute gaur azokan eta baita Sorbonne III unibertsitateko euskera eta euskal kultur irakurlegoan ere.
Paris, Frantzia. Aurreko urteetan bezala euskarak leku berezia du aurten ere Pariseko Expolangues hizkuntz-azokan, Etxepare Euskal Institutuak, Azkue Fundazioarekin elkarlanean, jarri duen standarekin. Euskarari buruzko argibideak eta baliabide ezberdinen berri ematen dituzte postu honetan, eta horrez gain hainbat kultur ekitaldi egingo dira gaur eta bihar.
Gaur, Gerardo Markuleta idazleak eta Jabier Muguruza musikariak "Zoopoémes" poesia eta musika emanaldia eskainiko dute azokako La Scene gunean, goizeko 10:30tan. Markuletak euskaraz idatzitako zein euskaratutako poesiak errezitatuko ditu, Muguruzaren akordeoi doinuek lagunduta.
Arratsaldean ikuskizunaren bigarren emanaldi bat egingo dute, 17:00etan, Sorbonne Nouvelle Paris III unibertsitatean. Etxepare Institutuak unibertsitate horretan duen euskara eta euskal kultura irakurletzak antolatu du ekitaldia. Gainera, bertan izango dira ere Unibertsitateko katalan (H. Badell), gaztelera (M. Espinosa) eta portuges (E. Souto) hizkuntzetako irakasleak eta CEGA (Centre d’Etudes Galiciennes de Paris) guneko ordezkariek olerki errezitaldia eskainiko dute, nork bere hizkuntzan.
Bihar, aldiz, “Hizkuntza gutxitua - hizkuntza birtuala” mahai-ingurua eskainiko da 15:00etan , Salle Suez aretoan. Bertan izango dira Andreu Bosch (Institut Ramon Llull), Josune Ariztondo (Azkue Fundazioa), Pello Salaburu (Euskaltzaindia) eta Aizpea Goenaga (Etxepare Euskal Institutua). Iraultza digitalak hizkuntza gutxituengan, bereziki euskara eta katalanarengan, izaten ari den eraginaz eta horien etorkizunaz mintzatuko dira parte-hartzaileak.