euskal diaspora eta kultura
2013/03/08
PUBLIZITATEA
Zizurkil, Gipuzkoa. Abian da Pello Mari Otaño Bertsopaper Lehiaketaren lehen edizioa, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak antolatuta. Lehiaketak "Otañoren memoriari eusteaz gain, Argentinako euskaldunekin nolabait lotzeko bidea jarri nahi du", azaldu diote antolakuntzako kideek EuskalKultura.com-i. "Han lagun handiak ditugu eta lehendik ere elkar-lankidetzan arituak gara, La Platako Unibertsitateko hainbatekin bereziki".
Itzal handia du Argentinan Pello Mari Otaño Barriolak, izan ere, bertsolaritzari egin zion ekarpenaz gain, ezin ahaztu Ameriketan aritu zen lehen euskara irakaslea izan zela. Otaño Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen, 1857an, eta bertsolaritza giroan hazi zen. Urte luzez Argentinan ibilia, hantxe hil zen, Rosarion, 1910ean, bihotzekoak jota. Euskara irakasten ezezik, bertsolaritzan ere maixu izan zen Otaño. “Amuritza etorri arte, beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan”, Juan Mari Lekuonaren aburuz.
Lehiaketaren antolaketa
Lehiaketa hiru maila ditu:
-1. Gazteen maila: 18 urte artekoentzat (1995a baino geroago jaiotakoak)
-2. Diasporakoen maila: Euskal Herritik kanpo jaio eta bizi diren euskaldunentzat, Argentinakoentzat bereziki
-3. Helduen maila: 1995ean edo aurretik jaiotakoentzat
Gazte eta diasporakoen mailetan parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 6 eta gehienez 10 izango dira. Helduen mailan, parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 8 eta gehienez 12 izango dira. Maila guztietan gaia, neurria eta doinua libreak izango dira, bakoitzaren aukerakoak.
Apirilaren 10a baino lehen
Lanak e-postaz zein paperean bidal daitezke, honako bi helbide hauetara: pedromariotano@zizurkil.net edo Hernandorena Kultur Elkartea (Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa) Iriarte etxea – Pello Mari Otaño plaza, 1 20159 - Zizurkil. Lanak 2013ko apirilaren 10aren aurretik bidaliko dira aipatu helbideetako batera.
Lanak izenordez bakarrik sinatuko dira. Izenorde horrek guztiz ezezaguna izan behar du eta bertso sortaren barruan jarriko da. Paperezko kasuan, bertso sorta hori eta izenordea gutun azal batean sartuko dira. Beste gutun azal batean xehetasun guztiak adieraziko ditu: egilearen izenordea eta izena, jaiotze-data, helbidea eta telefono-zenbakia. Azkenik, bi gutun azalak beste bakar batean sartu eta aipatutako helbidera bidaliko dira. E-postaren kasuan, berriz, bi artxibo erantsi beharko zaizkio igortzen den mezuari: bertso-sorta batetik eta gainontzeko xehetasunak bestetik.
Sariak
Gazte eta Diasporakoen kategoriatan irabazleak 250 euro jasoko ditu, eta bigarren saria eskuratzen duenak 100 euro. Helduen kategoriako irabazleak 500 euro hartuko ditu eta bigarren sailkatuak 250 euro. Saribanaketa ekitaldia maiatzaren 4ean izango da, Zizurkilen egingo den bertso-afariaren barruan. Irabazleek beraien bertsoak kantatzeko aukera izango dute afarian. Diasporako irabazleen kasuan, saria etxera bidaliko zaie.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus