Buenos Aires, Argentina. “Zirimiri, itxialdia baliatuz gauzatzen bururatutako proiektu bat da; artea, sormena eta prozesuekiko pazientzia eragin dituen itxialdi honetan…” azaldu dio EuskalKultura.eus-i ekimenaren atzean dagoen Estefania ‘Chicho’ Abasolo arrecifestarrak. Betidanik bere euskal erroei lotua, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat eta Buenos Airesko Euskaltzaleak euskal etxeetako erreferente ere baden Estefaniak denbora darama zeramika lantzen, helburu jakin batzuekin: “Egunerokotasunean eta etxean erabil ditzakegun objektuak sortzea, buztinezko tresnek plastikozko gauzak ordezkatu ahal izan ditzaten".
Baina ekimenak badu beste ezaugarririk ere. Zirimiri markaren bidez euskal identitatea eta kultura mantendu eta zabaldu nahi ditu dantzariak. Izan ere, hainbat euskal ikur erabiltzen ditu objektuak apaintzeko, tartean, Picassoren Guernica-ren irudiak, hala nola, ‘argia’ eta ‘usoa’; herri ikurrak eta ikur mitologikoak, tartean lauburua edo eguzki-lorea; Gernikako Arbolarekiko lotura egiten duten haritz hostoak... “Produktuetan jartzeaz gain, ikur bakoitzaren esanahia ere azaltzen dugu”, agertzen du Abasolok.
Produktu zerrenda zabala eskaintzen du Zirimirik: mateak, ontzi txikiak, esneontziak, hautsontziak, katiluak, xaboi-ontziak… eta laster loreontziak eta ‘Ongi etorri’ esaldia duten kartelak ere sartuko dira katalogoan.
Objektu guztiak sare sozialetan ikus eta bertan egin daitezke kontsultak zein erosketak. Facebook, Zirimiri Cerámica; Instagram, @zirimirizeramika
['Zirimiri' izenpean eskulanak egiten dituen Chicho Abasolo lanean]