euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ziortza Gandarias: "Bitxia da oso hainbat adineko jende kasinoetan jokoan zombie gisa ikustea"

2014/09/11

Ziortza Gandarias Beldarrain  filologo galdakaoztarra Nevada Renoko Unibertsitatean (UNR) da, doktoretza egiten (EuskalKultura.com)
Ziortza Gandarias Beldarrain filologo galdakaoztarra Nevada Renoko Unibertsitatean (UNR) da, doktoretza egiten (EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ziortza Gandarias galdakaoztarra da eta 27 urte dauzka. Euskal Filologian lizentziatua, lan aski segurua zeukan Donostiako Santo Tomas Lizeoan irakasle, bapatean urrats berria ematea erabaki --"orain ala sekula ez"-- eta Estatu Batuetara aldatu denean, beka batekin, gutxienez lau urte hartuko dion doktoretza egitera.

Joseba Etxarri. Donostian lau urtez klaseak ematen ibili ondoren, Ziortza Gandarias Beldarrain laketua zen Santo Tomas Lizeoan eta egonkor zebilen irakasle lanetan 2009n Euskal Filologia bukatu eta urtebete geroago Euskal Herriko Unibertsitatean Hizkuntzalaritza Aplikatuko masterra bukatu zuenetik. Orain, hori guztia atzean da, hilabete baita Estatu Batuetan bizi dela, "etxetik 9.000 kilometrotara", fase berria hasten bere bizitzan, berriro ere ikasle moduan, doktoretza gradua lortzeko klaseak hasi baititu.

-Euskal Herrian dagoen egoerarekin, norbaitek pentsa lezake sarerik gabeko jauzia dela lanpostu bat utzi eta berriz ere unibertsitatera ikasle itzultzea.

-Gustura nenbilen irakaskuntzan, eta jarraitzeko modua nuen, baina batzuetan bizitzan inflexio-puntu batera hel zaitezke eta segurtasuna galdu arren bidean urrats berriak ematea planteatu. Zer da bestela bizitza, batere arriskatu gabe? Betidanik sentitu izan dut herrialde hau ezagutzeko jakinmina eta karreran, irakasle batek hemen doktoretza egitearen abantailak aipatuak zizkigun. Beraz, uda honetan hona etortzeko aukera sortu zitzaidanean, ordura arte ametsa baizik ez zena egia bihurtuz, ez nuen gehiegi pentsatu behar izan.

-Argi daukazu zein izango den zure tesiaren gaia?

-Hau  ikertzeko asmoa daukat: gerra zibilaren ondorioz erbesteratu beharra izan zuten euskal idazle eta intelektualek, batez ere Hego Ameriketan, pentsatu zuten euskara bizirik mantentzeko Etxepareren tesia jarraitu behar zela, alegia euskarari balioa emateko euskara idatzia indartu beharra zegoela, eta ondorioz obra kanonikoak eta literatura unibertsalean esanguratsuen ziren obrak euskaratzeari ekin zioten. Aztertu eta ikusi nahi dut zer nolako eragina izan zuen horrek Euskal Herriko momentuko inteligentzian.

-Hilabete da UNRn, Nevada-Renoko Unibertsitatean zaudela. Nola hartu zaituzte?

-Lehenengo egunean, hemen esnatu nintzenean, nire buruari esan nion "ai, ama, zertan ari zara hemen!", baina esan beharra daukat inguruan ditudan pertsona guztiek asko lagundu didatela eta etxean bezala sentitu arazi didatela. Hasieran beldur apur bat nion kultura aldeko talkari, baina orain arte hitz onak baizik ez dauzkat hemengo ikasle, irakasle eta administraziokoentzat, oso jatorrak izan baitira nirekin. Bestalde, giroak, konzentratzera eta norbera bere ikasketa eta ikerlanetan murgiltzera gonbidatzen du.

-Ikasle apartamentu batean bizi zara kanpusean.

-Beste ikasle batekin nago, estatubatuarra, Italia eta Irlandako arbasoak dituena, eta ondo moldatzen gara. Orokorrean saiatzen naiz "zoazen lekuan bertakoek egiten dutena egin" dioen esaldiari segitzen eta oraingoz hemengo bizimodura egokitzen segitzen dut. Orduetan, Euskal Herrian baino goizago gabiltza Goizeko seietan jendea jadanik martxan dabil. Nahiago dut ordutegi hau, lehenago hasi lehenago bukatzeko. Bestalde, jendea independentea da oso, atseginak eta jatorrak tratuan, nahiz eta gehienetan hor geratzen diren, gehiago sakondu gabe. Ondo iruditzen zait, aldez aurretik badakizu-eta honela dela.

-Zerk harritu zaitu gehien hilabete honetan?

-Distantziaren kontzeptuak eta beti, edozertarako, autoa hartzeko daukaten beharrak. Eguraldia gustatu zait, etorri nintzenetik egunero izan baitugu eguzkia eta hori, Euskal Herritik etorrita eta han izan dugun uda izanda, eskertzekoa baita.

-Reno kasinoen hiria bezala da ezaguna. Izan al duzu kasino batean sartzeko aukerarik?

-Jakinminez batean sartu nintzen eta bitxia, ikaragarria iruditu zitzaidan jendea jokoan ikustea. Adineko jende asko zegoen, zombiak ziruditen, begirada galduarekin, makina txanponjaletan automatikoki eta inpertsonalki jokatzen. Ez zitzaidan gustatu.

-Europak bizi duen krisialdi ekonomikoa aipatzen al da?

-Egunkari eta albistegiak hemengoentzat eragin zuzena daukaten kontuez arduratzen dira gehienbat eta Europa urrun geratzen zaie. Hemen krisialdiaren gailur latzena duela urte batzuk pasatu zuten eta ez dakit haren eraginez ala ez, baina Renoko downtown eta kasinoen alderdia tristea iruditzen zait. Zirrara sortzen du hainbeste homeless eta kalean bizi diren pertsonak ikusteak. Kontraste handia da herrialde moderno eta zibilizatu batek izan beharko lukeenarekin. Eta hiria inguratzen duten paraje idilikoen parean, mendiak, lakuak eta natura izugarri ederra baitira hemen. Hori asko gustatzen zait, natura, libre sentiarazi eta askatasun sentsazioa ematen baitizu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia