Ziortza-Bolibar, Bizkaia. Simon Bolivarren jaiotzaren urteurrena ospatuko dute datorren ostiralean, uztailaren 24an, ekitaldi bategaz Bizkaiko Bolibarren. Egun hori herritarrek gogoan eduki beharreko eguna dela esan dute. «Beti pentsatu izan dugu atzerrian bere jaioterrian baino arrakasta handiagoa eduki duela (Simon Bolivarrek). Aitortza hori egiteko beharra sentitzen dugu. Horregatik, herritik hasita, dagokion balioa eman nahi diogu», esan du Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak. Datozen lerroak Lea-Artibai eta Mutrikuko HItzari dagozkio.
Izan ere, Simon Bolivarren jaiotzaren 237. urteurrena da uztailaren 24a. Urteurren horren harira, eta urtero egin legez, Ziortza-Bolibarko Udalak eta Simon Bolivar Museoak ekitaldi xume bat egingo dute herriko plazan. Dena dela, ekintza hori egiteaz gain, Herrien askatzailea-ren irudia balioan jartzeko asmoa ere agertu du udalak.
Simon Bolivarrek herrien askapenean egindako ekarpenagatik, uztailaren 24a Ziortza-Bolibarko herritarrek gogoan eduki beharreko egun bat dela diote. «Eta espero dugu aitortza horrekin bat egitea Euskal Herriko erakundeek ere», diote udal ordezkariek.
Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak gaineratu du sentsazioa daukatela ez dutela jakin Simon Bolivarren irudiari etekinik ateratzen. «Beti pentsatu izan dugu atzerrian bere jaioterrian baino arrakasta handiagoa eduki duela. Aitortza hori egiteko beharra sentitzen dugu. Horregatik, herritik hasita, dagokion balioa eman nahi diogu», esan du Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak.
Azaldu dutenez, datorren barikuan [uztailak 24], urtero egin izan duten moduko ekitaldia egingo dute. «Inguruko herrietako alkateak eta Bolivarrek askatu zituen herrialdeetako kontsulak gonbidatu ditugu ekitaldira, baita Aldundiko ordezkari bat ere, baina harek oraindik ez digu etorriko den edo ez esan», azaldu du Beñat Ibaibarriaga Zubikarai Simon Bolivar museoko teknikariak. «Horiekin museoan bisita gidatua egingo dugu, 12:30ean». Ekintza hori, baina, agintarientzako mugatuta egongo dela argitu dute.
Herritarrei gonbitea. Gero, 13:00etan, ekitaldia eta lore eskaintza egingo dituzte plazan. Eta ekintza horretara herritar guztiak gonbidatu dituzte. «Etxez etxe ere gonbidapenak banatu ditugu». Besteak beste, ekitaldian Nerea Ibarzabal bertsolari markina-xemeindarrak eta Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarrak parte hartuko dute. Aurten, baina, segurtasun nerriak direla eta, urteroko luntxik ez dutela egingo esan dute.
Baina Bolivarren irudia balioan jartzeko ekimenak ez dira soilik egun horretara mugatuko. Hala, museoa urte osoan zabalik dagoela ere azpimarratu dute.