Berlin, Alemania. Hiru euskal film proiektatuko ditu Berlingo 'Gernika' Kulturverein Euskal Etxea antolatzaile duen "Baskische Filmfest" edo Euskal Zinemaldiak 2024ko edizioan. Zikloko lehena, azaroaren 15ean, Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 (2023) izango da. Pelikula eman eta gero Alaine Aranburu kazetariarekin mintzatzeko aukera izango du publikoak. Bidasoa 2018-2023 filmak Frantziako Estatuak Bidasoa ibaiak ezartzen duen muga naturalean jarritako kontrolak salatzen ditu, mugaz bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emanez, Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin elkarteetako ordezkariak lekuko eta bizia galdu dutenak gogora ekarriz. railerra, Hona filmaren trailerra.
Azaroaren 16an, Iñaki Alforja eta Iban Toledo zuzendarien Bolante baten historia (2021) dokumentala proiektatuko dute. Bolante baten historia-k 1980. hamarkadan Iparraldean errefuxiatu zen Jose Miguel Etxeberria “Naparra”ren desagertzean sakontzen du. Zuzendarietako bat, Iban Toledo, Berlinera bertaratuko da, filma publikoarekin ikusi eta ondoko aurkezpenean eurekin mintzatu eta sor daitezkeen galderei erantzuteko. Trailerra, hemen.
Zinemaldiko azken proiekzioa azaroaren 17an pantailaratuko da, Oskar Alegria nafarraren Zinzindurrunkarratz (2023). Dokumental honek hiru elementu lotzen ditu: bide ahaztu bat, kamera zahar eta mutu bat eta Paolo izeneko astoa. Zinemagile batek bere herriko artzainek mendira egiten zuten transhumantziaren bidea berreskuratu nahi du, Filma honen kasuan zuzendaria ez da bertan egon ahal izango, aurreko hitzordu bat baitzeukanTxilen. Trailerra, hemen.
Berlingo 'Gernika' Kulturverein Euskal Etxeak urtero antolatzen duen ziklo honetako filmak jatorriko euskarazko bertsioan eskainiko dira, ingelesezko azpitituluekin, iluntzeko 8etan, aurten ere hiriko Moviemento Zineman. Ekitaldiak Etxepare Euskal Institutuaren babesa du.