euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zingirako Euskaldunak Euskal Herriko ordezkari ‘Museo Pampeano’k antolatuko duen gizataldeen jaian

2013/03/06

Idurre Lekuona irakaslea Zingirako Euskaldunak euskal etxeak Euskararen Egunean antolatutako ekintzan (argazkiaEE)
Idurre Lekuona irakaslea Zingirako Euskaldunak euskal etxeak Euskararen Egunean antolatutako ekintzan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

‘Ekialde eta Mendebaldeko erritmo, usain eta zaporeak’ du izena Chascomuseko Museo Pampeano delakoan burutuko den Kolektibitateen Festak. Beste zenbait gizatalderekin batera, euskaldunek ere muntatuko dute euren txokoa, euskal kultura zabaldu eta eskolako material bilketa gauzatzeko. Jaia martxoaren 9an izango da, gaueko 9etan, eta herri askotako janari tipikoak egongo dira dastagai. Datorren ostiralean, bestalde, Emakumearen Eguna ospatuko du Euskal Etxeak eta martxoaren 23an, Urteroko Ohiko Biltzarra egingo.

Chascomus, Argentina. Joan den astean hasi da 2013ko ikasturtea Argentinan eta makina bat ume itzuli dira berriro ikasgeletara. Zoritxarrez, kopuru esanguratsu baten kasuan, euren familiak eskasian bizi dira eta zaila egiten zaie oso, ikasteko oinarrizko materialak lortzea. Egoera honi aurre egiteko, eskolako material bilketa antolatu du aurten ere Zingirako Euskaldunak-ek. Lagundu nahi dutenek euskal etxeko egoitzara eraman behar dituzte tresnak eta arropa: datorren larunbatean, martxoaren 9an, goizeko 10:30etatik 12:00etara. Ordutegi honetan joan ezean, egun berean baina Kolektibitateen Jaiko standean ere, gaueko 9etatik aurrera, jasoko da materiala.

Martxotik atera gabe eta Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatze aldera, ‘Euskal Emakumea’ izenburupeko hitzaldia eskainiko du Chascomusen La Platako Unibertsitateko irakurlea den Idurre Lekuona irakasleak. Hitzordua martxoaren 8an bertan izango da, iluntzeko 8etan euskal etxearen egoitzan. 

‘Ekialde eta Mendebaldeko erritmo, usain eta zaporeak’

Udaleko Kultur Kudeaketaren Zuzendaritzak antolaturik, Chascomuseko gizatalde guztiak ‘Ekialde eta Mendebaldeko erritmo, usain eta zaporeak’ izeneko jaialdian elkartuko dira Museo Pampeano-n. Zingirako Euskaldunak euskal etxea ere festaren protagonistetako bat izango da eta euskal standa muntatuko du Euskal Herriko mokadu gozoenak eskaintzeko. Hitzordua martxoaren 9ean izango da, gaueko 9etan eta Sarmiento kaleko 142 zenbakian.

Urteroko Ohiko Biltzarra

Gonbiteekin bukatzeko, Zingirako Euskaldunak-etik jakinarazten dute datorren martxoaren 23an, arratsaldeko 7etan, elkarteko Urteroko Ohiko Biltzarra egingo duela erakundeak. Aurreko biltzarreko agiria irakurri, 2012ko memoria, balantzea eta gastuen txostena aurkeztu eta agintari berriak hautatuko dira bilkuran. Horrez gain, aurtengo kuotaren prezioa adostuko da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia