Urtarrilaren lehenengo egunetan egin bazen ere polita da argazki esanguratsu batzuk eskura izatea, noizean behin, urtea aurrera joan ahala, berriro begiratu ahal izateko. Batez ere ekintzak ondo asko merezi duenean. Euskalkultura.com-en artikulu honetan 2016ko Udalekuaren argazki galeria partekatu dugu gure irakurleekin.
Chascomús, Argentina. Urtarrilaren 5etik 9ra egin zen aurten Argentinan Udaleku, Buenos Aires probintziako Chascomús hirian, bertako Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea antolatzaile. Urtero bezala, 12 eta 16 urte arteko gazteei egon zen zuzenduta ekintza eta 22 partaide bildu zituen, Cañuelas, Maipu eta Chascomús hirietako euskal etxeetako ordezkariak lagun.
Bost egunetan euskal kulturan sakontzeko hainbat aktibitate proposatu zizkieten Udalekuko monitore eta begiraleek gaztetxoei, zein baino zein arrakastatsuagoa. Antolatzaileek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez, ekintzaren balantzea oso ona izan da eta bizi izandakoak bultzada polita ematen die datorren urteari begira Chascomuseko 2017ko Udalekua prestatzen hasteko.
Argazkiak oso adierazgarriak dira eta 2017ko urtarrila urrun geratzen bada ere, datorren Udalekuan parte hartzeko nolabaiteko gonbitetzat ere har daitezke.