euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zingirako Euskaldunak-ek Gernikako biktimak gogoratu eta Maialen Azkue irakasleari ongi etorria egin zion

2009/04/28

Maialen Azkue irakaslea (erdian, eserita) Zingirako Euskaldunakeko gazteekin (argazkia ChascomusEE)
Maialen Azkue irakaslea (erdian, eserita) Zingirako Euskaldunakeko gazteekin (argazkia ChascomusEE)

PUBLIZITATEA

Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, kultur ekitaldi ugari egiten darrai eta apirila hilabete bizi-bizia izan da bertan. Hasteko, 10ean elkarteak Maialen Azkue euskara irakaslea hartu zuen. Azkue zizurkildarra da eta aurten La Platako Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura lektoregoaz arduratzen da. Hilaren 18an, bestalde, elkarteko euskal dantza klaseak abian jarri ziren eta azkenik joan den larunbatean, apirilaren 25ean, euskal etxeak Gernikako bonbardaketaren biktimak gogoan izan zituen ekitaldi hunkigarrian.

Chascomus, Argentina. Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkarteak joan den larunbatean egin zituen Gernikako Bonbardaketaren urteurreneko ekitaldiak. Aurten 72. urteurrena betetzen da eta urtero legez Chascomuseko elkartekoek nazien bonbardaketaren biktimak izan zituzten gogoan egun berezi honetan. Elkarteak gainera Bakearen aldeko mezua zabaldu zuen, Gernika guda guztien aurkako ikur bezala hartuz.

Horrela, goizeko hamaiketan elkarteko txikiak, senitarteko eta elkarteko dantzariekin batera, Chascosmuseko Independentzia plazan landatuta dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren inguruan bildu ziren, eta bertan Bakearen mezua zabaltzeko helburua zuen lantegi bat egin zuten, urteurrenari buruzko marrazkiak eginez. Arratsaldean Cesar Arrondo irakasleak hitzaldi bat eskaini zuen euskal elkartean. Hitzaldiaren ostean dokumental bat eman eta ondoren gaiari buruzko mahaingurua egin zen.

Maialen Azkueren bisita

Hilabeteko beste ekitaldi ezohiko bat Maialen Azkue Otegi euskara irakaslearen bisita izan zen, apirilaren 10ean. Azkue zizurkildarra da (Gipuzkoa) eta La Platako Unibertsitate Nazionaleko Euskara eta Euskal Kultura lektoregoen arduraduna. Chascomuseko bisitaldian gipuzkoarrak elkarteko Haize Gaztea taldeko neska-mutilekin hitz egin zuen, Aberri Eguneko ospakizunen bezperan.

Bestalde euskal elkartetik adierazten zaigu abian direla jada euskal dantza klaseak, Maitena Etchepare eta Emiliano Armendariz irakasleen gidaritzapean. Klaseak apirilaren 18an hasiak dira, musutruke. Larunbatero izaten dira, Franklin 454 eta Dorrego artean dagoen egoitzan. Ordutegiak honakoak:

-Larunbatero, 11:00: Txikiak (9 urteak arte).
-Larunbatero, 14:30: Ertainak (10 urtetik 14 urteak arte).
-Larunbatero, 15:30: Handiak (15 urtetik 25 urteak arte).

Helduentzako klaseak maiatzean hasiko dira.

Azkenik, elkarteak gogoratu nahi du abian dela ere Sebastian Errecartek gidatzen duen Euskal Pilota Eskola. Klaseak larunbatetan 10:00etatik 13:00etara dira, Chascomuseko Pilota Elkartean. Kasu honetan ere klaseak doakoak dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia