euskal diaspora eta kultura
2013/02/11
PUBLIZITATEA
Boise/New York, Estatu Batuak. Azkeneko hamar bat egunetan elkarrizketa eta bilera egitarau trinkoa gauzatu dute Estatu Batuetan, Eusko Jaurlaritzaren euskal etxe eta komunitateekiko harremanak ardura dituen Jaurlaritzako Asier Vallejo Itsaso zuzendariak eta bere bulegoko Benan Oregi teknikariak. NABO eta euskal etxeetako buruzagi eta ordezkariekin biltzearekin batera, Nevada eta Idaho estatuetako ofizialekin batu dira, gaiak beti ere euskal etxe eta gizataldeen Eusko Jaurlaritza eta Euskadirekiko harremanak eta, bereziki administrazioko ordezkari eta hautetsien kasuan, Euskadirekiko turismo, merkataritza eta ekonomia alorreko harremanak ere hizpide hartuta.
Jaurlaritzako bi ordezkariek gaur bidaiatuko dute New Yorkera Boisetik, euren programak birritan atzerapenak izan ondoren Estatu Batuetako zenbait estatu egun hauetan gogor astintzen ari den eguraldi gaiztoa kari milaka hegaldi hegaldi bertan behera geratu eta bestela ere eraginda gelditu ondoren. Gaur gauean Etxeorratzen Hirira heldu ostean, bihar Eusko Jaurlaritzak bertan Ipar Amerika (AEB, Kanada eta Mexiko) osorako duen Ordezkaritzako arduradunekin bilduko dira --aurreko Gobernuak legealdi osoan Ordezkari kargua betegabe eduki ondoren, Noemi Gonzalo-Bilbao teknikaria dabil denbora honetan guztian bulegoko kudeatzaile-- eta baita ere New Yorkeko Eusko Etxeko ordezkariekin, izan ere aurten bere Mendeurrena ari baita ospatzen AEBetako euskal exeen artean zaharrena den hau eta euskal etxeak berak, NABOk eta Jaurlaritzak ahalik eta egokien ospatzeko eta aukera behar bezala baliatzeko modua ari dira gauzatzen, hiriko euskal historiarekin bat eginez eta munduaren hiriburu gisa kontsideratuta dagoen erreferentzi hiri honi dagion moduan. Urriaren 12an beteko diutu EENYek ehun urteak eta data horren inguruan ari dira antolatzen ekitaldi-egitaraua.
Jakina denez, hau da Asier Vallejo joan den urtarrilaren 15ean Jaurlaritzako Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria izendatua izan ondoren egiten ari den lehenengo bidaia ofiziala [EuskalKultura.com-ek jakin ahal izan duenez, datozen asteetan Jaurlaritzak izena aldatuko dio Zuzendaritza honi, 'Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza' emanez izen berri] eta bat etorri da NABO Ipar Ameriketako Euskal Etxeen federazioak Salt Lake Cityn egindako 2013ko lehenengo osoko bilerarekin. Hortxe, NABOko Valerie Arrechea lehendakariarekin eta federazioko buruzagi eta ordezkariekin --gogoratu NABO 40 urte ari dela betetzen aurten, udan Elkon egingo duen Convention delakoan ospatuko duela-- hasi zuen Vallejok bidaia otsailaren 2an, hortik Nevadako Renora pasa eta Renon zein estatuko hiriburu den Carson Cityn Nevadako euskal elkarte eta erakunde akademikoekin zein estatuko administrazioarekin biltzeko. Renorik Idahoko hiriburu Boise izan zen hurrengo pausoa.
Boisen, Idahoko Brad Little gobernadoreordearekin, Ben Ysursa estatu-idazkariarekin eta Boiseko alkate Dave Bieter-ekin bildu dira Vallejo eta Oregi, batetik, eta bertako euskal elkarteekin eta erakunde akademikoekin bestetik, tartean Boiseko Euskal Museo eta Kultura Zentroa, Cenarrusa Zentroa, Boiseko Ikastola, Boise State Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa eta Euzkaldunak elkartea. Ekialde kostako eguraldia dela eta hegaldiak atzeratu direnean, Simposium ekonomiko batean ere parte hartu ahal izan dute Unibertsitatean, Idahoko enpresa azkarrenak partaide, segida emanez aurreko egunetako programari.
Gogoan behar da eduki Eusko Jaurlaritzak SPRIko bi bulego dauzkala gaur egun Estatu Batuetan --Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpe--, azkena iragan uztailean San Frantziskon zabaldua, eta horrekin batera Euskadiren Ordezkaritza ofiziala dagoela New Yorken, Ordezkari kargua Lopez lehendakariak aurrekoa, Aitor Sotes donostiarra duela hiru urte kendu zuenetik berritzeke. Jaurlaritzatik EuskalKultura.com-i esan zaionez, laburrean izendatuko du Urkullu lehendakariaren gobernuak Ordezkari berria.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus