Donostia-San Sebastian. Denbora da EuskalKultura.eus-en El Vasco filmarekin bueltaka ari garela eta gaur, irailaren 16an, Donostiako Zinemaldia abiatuko den egunean bertan estreinatuko da azkenik, Zinemira sailari abiapuntua emanez. Argentinako euskal diasporan, Villa Maria eta Mendozako euskal etxe eta gizataldeak aktore eta laguntzaile grabatutako film honez gain —ikusmina gori-gorian du Diasporan— beste film bat azpimarratuko dugu Zinemaldian estreinatuko dena baita ere: Diasporaren lagun ona den Kepa Junkera ardatz duen filma, Berpiztu, orain lau urte musikariak burukoa izan zuenetik jendaurrera errekuperatzen duen Fermin Aioren dokumentala.
Gogora dezagun El Vasco komedia bat dela, eta gazte bat daukala protagonista, Mikel (Joseba Usabiaga), neska lagunak utzi berri duen, langabezian dagoen eta Euskal Herriaz nazkaturik dagoen gazte euskaldun bat. Giroa erabat aldatu nahian, internet bidez baino ezagutzen ez duen urruneko osaba baten eskaintza onartu eta Argentinako herrixka batera joango da, baina hara non han, sorterritik 10.417 kilometrora, Euskal Herri txiki bat topatuko du, eta aldendu ordez, euren euskal erreferentzia bilakatuko da. Estreinua gaur Zinemaldian eta areto komertzialetan Hego Euskal Herrian eta Espainian urriaren 7an. Argentinako estreinaldiaz, Filmaxek-en eskutik, ez dute oraindik adierazi data.
Jabi Elortegi bermeotarra zuzendari duen El Vasco-ren trailerra
Kepa Junkeraren bizitza hizpide duen Fermin Aioren Berpiztu filmaren trailerra
Keparen bizkortze prozesuaz Oihana Ramos logopedaren eta Iban Arrien fisioterapeutaren hitzak
Kepa Junkera eta Berpiztu
Zinemaldian bertan, baina estreinaldia irailaren 21ean, Kepa Junkera handiaren bizitza eta gainditze istorioa hizpide duen 'Berpiztu-Renacer' dokumentala eskainiko da, Fermin Aio zuzendari, EiTBren galan, Victoria Eugenia antzokian. Dokumentalak musikariaren ibilbide aberatsa biltzen du, 2018ko abenduan iktus batek errotik eten zuena, eta geroztik bere burua aurrera ateratzeko daraman borroka, mugimen eta hitz egiten, jaten eta bizitzen segitzen berrikasteko egiten ari den bidea, gorputz horren barnean lehengo Kepa sortzaile eta bizitzaren maitale handi bera baitago. Dokumentalarekin batera izen bereko liburua ere plazaratuko da, Kepak berak zuzendua, bere lagun ilustratzaile talde baten margolanek edertua.