euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zinea, ipuin lehiaketak eta mintzodromo birtuala eta aurrez aurrekoak, euskara oso presente 2024ko Euskal Aste Nazionalean

2024/11/22

Asteburuan hiru mintzodromo burutu ziren Unión Vascan, horietako bat birtuala, euskaltzale eta euskaldunen partaidetza handiarekin
Asteburuan hiru mintzodromo burutu ziren Unión Vascan, horietako bat birtuala, euskaltzale eta euskaldunen partaidetza handiarekin

PUBLIZITATEA

Bahía Blanca, Argentina. Euskal Aste Nazional bakoitza labur geratzen da lagunekin berriz elkartzeaz gozatzeko eta eskaintzen dituen proposamen ugariez baliatzeko. Bahia Blancan amaitu berri den aurtengoa ez da salbuespena izan. Euskal Herriko eta inguruko herrialdeetako bisita ugari, hamaika bilera, dantza eta musika asko eta, esan beharra dago, anfitrioien ahalegin izugarria. Hain nabariak ez diren ekimenen artean, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, euskararen inguruko hitzorduak. Tartean, Bahia Blancako euskara ikasle taldeak egindako film baten emanaldia, mintzodromoak, eta 125 urtez elkartuta mantendu dituen "Soka Bera" ospatzeko Union Vascak, FEVAren lankidetzarekin, antolatutako ipuin lehiaketaren sari banaketa.

Ostiral arratsaldean, Union Vascako pilotalekuan Argentinan euskara hutsean egindako "Badago ala ez dago?" filmaren emanaldia egin zen. 2009an, beste epidemia batek, A gripearenak, euskal etxeko ikasgeletako ateak ixtera behartu zuenean, Bahía Blancako ikasle talde batek egindako lana da. Rosana Entizne, urte luzez euskal etxeko euskara irakaslea izan zena zuzendari, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria bizkaitarraren izen bereko antzezlanaren egokitzapena da filma, sorginen munduan girotutako komedia. Aurretik, Titina Biscaychipy irakasleak euskal sorginen inguruko sarrera hitzaldia eskaini zuen, Toti Martinez de Lezearen "Sorginak” liburuan oinarriturik.

 
"Badago ala ez dago?", Bahía Blancako euskara ikasleek egindako filmaren emanaldia 

 
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Ander Caballero (urdin argiz) larunbat goizeko mintzodromoan partaide

Asteburuan zehar, hiru mintzodromo burutu ziren, euskaraz mintzatzeko propio antolatutako hiru gune, euskaldunek eta euskara ikasleek elkar ezagutu, jolastu, hitz egin eta, batez ere, euskaraz egiteaz gozatzeko. Horietako bi, ostiral arratsaldean izan ziren. Bata, jendetsua eta aurrez aurrekoa, Andoni Irazusta aretoan egin zen; eta bestea, nazioartekoa, zoom plataformaren bidez. 37 euskaltzalek parte hartu zuten, horietako 17 NABOko (Estatu Batuetako Euskal Erakundeen Federazioa) kideak.  Besteak beste, Kalifornia, Idaho, Portland, New York eta Texasetik konektatu ziren.

Hala egin zuten baita ere beste lagun batzuk Alacant eta Valentziatik (Espainia), Uruguaitik; eta, Argentinan egonda, Bahia Blancara iristeko aukerarik izan ez zuten Mar del Plata, La Plata, City Bell eta Rosarioko lagunek. Gainera, topaketa birtualean NABOko euskara koordinatzaile Edurne Arostegik eta Maizpide Barnetegiko eta Euskara Munduan Programako irakasle Jon Urdangarinek parte hartu zuten. Hirugarren mintzodromoa larunbat goizean egin zen, partaide zirela, besteak beste, Ander Caballero Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi berria, Sara Pagola Euskadiren ordezkaria Argentinan eta Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria.

Euskarazko ipuin lehiaketaren sari banaketa

 
Ezkerretik eskuinetara, Sol Moroni irabazlearen izenean, haren ahizpa, Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederra, Euskadiren ordezkari Sara Pagola, berdez Lilian Elosegui eta María Amelia de Lasa irabazleak eta FEVAko lehendakari Asier Iriberri euskarazko ipuin lehiaketaren sari banaketan

Azkenik, igandean, amaierako bankete tradizionalean, euskarazko ipuinen lehiaketen sariak banatu ziren. Bi kategoria zeuden: bata, euskara ikasleena eta, bestea, askea, parte hartzeko mugarik gabekoa. Ipuin lehiaketako ikasle kategoriako lehenengo sariaren irabazlea Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkarteko Sol Cicero Moroni izan zen, "Eguzkilorea" ipuinarekin. Bigarren eta hirugarren sariak María Amelia de Lasaren (Bahía Blancako Unión Vasca) "Amaia" eta Lilian Eloseguiren (Unión Vasca, Bahía Blanca) "Beste putzu bateko apo bat" lanengatik izan ziren, hurrenez hurren. Kategoria librean, ipuin irabazlea Marta Urtasunen "Aitona" izan zen, Buenos Aires probintziako Banfield herrikoa. Eta bigarren eta hirugarren ipuin irabazleak, María Valeria Arambururen "Bizitzak erabakiko du" (Gure Etxea, Tandil) eta Irma Biscaychipyren "Gure hizkuntza maitea" (Unión Vasca, Bahia Blanca), hurrenez hurren.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia