Bi berri on datoz Buenos Aires probintziako San Miguelgo Askatasunaren Bidea Elkartetik. Alde batetik, hiriko gobernuak Udal Interesekoa izendatu du elkarteak antolatzen duen Euskal Zine Zikloa; bestetik, euskara ikasteko proposamen berri bat eskaini dio euskal elkarteak komunitateari. Hizkuntza eskolak etzi ostirala, ekainaren 3an, hasiko dira, Euskara Munduan programan trebatzen ari den Martin Colombet irakaslearen ardurapean.
San Miguel, Argentina. Sei urte beteko ditu ekainaren 21ean Askatasunaren Bidea elkarteak eta urtez urte eskualdean euskal kultura zabaltzeko egiten duen lana gero eta nabariagoa da. Horren adierazgarri apirilean eman dioten izendapena. Komunitatearen izenean, Joaquin de la Torre alkateak Udal Interesekoa izendatu zuen elkarteak duela lau urtedanik eskaintzen duen Euskal Zine Zikloa. Ekimenaren arduraduna Carlos Gabilondo da eta hiriko Domingo Faustino Sarmiento Liburutegian egiten dira saioak.
“Amama”
Zikloaren baitan, Asier Altuna zuzendariaren “Amama” pelikula proiektatu zuten Elkarteko kideek maiatzaren 21ean. Antolatzaileek EuskalKultura.com-i jakinarazi diotenez, “jendez gainezka zegoen aretoa; gero eta jende gehiago etortzen da ziklora, proposamenak ere gero eta hobeak direlako. 21ean, filma eman ondoren, dekretuaren kopia bat eman genion Carlos Gabilondori eta horrekin batera esker oneko ohar bat. Izan ere, eskertzekoa da bere konpromiso eta seriotasuna”.
Euskara
Jaio zenetik, Euskara eta Euskal Kulturari buruzko tailer bat eskaintzen du Askatasunaren Bideak hilean behin, Mariana Fernandez Castelli irakasle. Proposamena da, euskal kulturaren bidez euskara ikastea, eta modalitate arrakastatsu honekin jarraituko du 2016an zehar ere. Elkarretaratzeak hilabete bakoitzeko azken ostiralean izaten dira, 16etik 18etara, Domingo Faustino Sarmiento Liburutegian.
Eskaerek animatuta, ordea, euskara ikasteko beste aukera bat emango dio aurten euskal elkarteak bere komunitateari. HABEk sustatutako Euskara Munduan programan trebatutako Martin Colombeten ardurapean, oinarrizko ikastaro bat hasiko da ekainaren 3an Liburutegian bertan. Eskolak ostiraletan izango dira,15:30etatik 18:30etara. “Ikasleen kopuruak eta motibazioak animatu gaitu erabaki hau hartzera. Euskararen aldetik, jauzi kualitatiboa ere izango da klase formalak izango direlako. Poz pozik gaude”, adierazi dio Alkartasunaren Bidea-ko erreferentea den Horacio Marottok EuskalKultura.com-i.
Aipatzekoa da bai tailerra bai klaseak musutruke direla. Elkartetik esker beroak luzatu nahi dizkiote Sarmiento Liburutegiko Zuzendaria den Cristina Moreno de Romero Victorica-ri bere laguntzagatik.
Askatasunaren Bidea Elkarteari buruzko informazio gehiago, Askatasunaren Bidea-ren blogean