euskal diaspora eta kultura
2013/07/04
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Egitarautik kanpoko proiekzio bat burutuko dute asteburu honetan Euskaltzaleak-eko lagunek. Jakina denez, euskaltegiak aurrera daraman zine zikloa ostiraletan gauzatu ohi da, hilean bitan. Hala ere, aste honetan larunbaterako egin da deia eta ekintza berezia antolatzeko arrazoia gonbidatu berezi bat bertan izateko aukera izan da, Aizpea Goenaga zinemagilea (eta egun Etxepare Institutuko zuzendari ere badena) bertan izango baita.
Euskaltzaleak-eko lehendakari Carlos Bordegaray-k azaltzen dionez, “Aizpea Goenaga-ren ‘Sukalde Kontuak’ filma Carlos Gabilondo zinemazaleak Euskaltzaleak-eko euskal zinema zikloa osatzeko aukeratu zuen filmetako bat zen. Jakin genuenean Aizpea Goenaga Argentinara zetorrela, paregabeko aukera iruditu zitzaigun pelikularen aurkezpenera gonbidatzea. Ez da batere erraza Euskal Herriko zuzendari bat hemen izatea eta pentsatzen dugu proiekzioaren ondoren oso elkarrizketa interesgarriak sor daitezkeela. Beste alde batetik, Etxepare Institutuko Zuzendaria izanik, euskararen alde egiten dugun lana ere erakutsi nahi diogu”, esan dio Bordagaray-k EuskalKultura.com-i. ‘Sukalde Kontuak’ filma jatorrizko bertsioan proiektatuko da, gaztelaniazko azpitituluekin.
Pelikularen ostean, eta San Fermin egunaren bezpera denez, afaria partekatuko dute Euskaltzaleak-eko lagunek nafar festako giroan. Menua, txibiak tintan.
Datozen hitzorduak
Ekintza ugariko hilabetea izango da hau Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en. Eta nahiz eta euskara ikasle eta irakasleek euren merezitako neguko oporrak izango dituzten, kultur ekitaldi eta topaketek betiko erritmoa jarraituko dute. Honela, uztailaren 12an, Sara Pagolaren bisita jasoko dute Buenos Aireseko euskaltzaleek. Eusko Jaurlaritzaren Ordezkariak Euskadiren Kanpo Harremanen aurkezpena egiteaz gain, etxeko agintari eta kideak ezagutuko ditu, ideiak trukatzeko asmoz.
Urtearen bigarren zatirako, umeentzako abesbatza antolatzen ari da erakundea. Deialdia 8 eta 15 urte arteko nerabeei dago zuzenduta eta helburua euskal kantutegiaren bidez Euskal Herria ezagutzea izango dute. Elkarretaratzeak larunbatetan izango dira abuztutik aurrera, arratsaldeko 5etatik 6etara, Iñaki Esquiroz musika irakaslearen eskutik. Klasea ematen den bitartean, helduak ‘Gurasoentzako Gunean’ bildu ahal izango dira, Euskal Herriko bideoak ikusi edo euskal musika entzuteko. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, idatzi euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus