Bolada bizia ari da izaten Misiones probintziako Euskal Jatorri Euskal Etxea bere kideen elkarlanari esker. Aurtengo proiektu nagusia haurrei zuzendutako tailerra da; baina komunitate osoari begira ere badaude proposamenak, tartean hileroko janari salmentak eta urtean behin egiten den zine zikloa. Jai ospakizunak ere badaude Euskal Etxearen lehentasunen artean eta datorren larunbatean, hain zuzen, sanferminak ospatuko dituzte posadastarrek, Rotary Clubean, afari batekin.
Posadas, Argentina. Bi gonbite zabaldu ditu Euskal Jatorri Euskal Etxeak asteburu honetarako. Uztailaren 1ean, ostirala, 2016ko Euskal Zine Zikloaren azken emanaldia egingo du iluntzeko 8.30etan, Posadas Hiriko Liburutegiko egoitzan. Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren Bypass eta Montxo Armendarizen Alouren gutunak proiektatu ondoren, Armendarizen Ez izan beldurrik izenburuarekin itxiko dute aurtengo programa antolatzaileek.
Filma bukatu eta gero, ardo dastaketa antolatu du Euskal Etxeak Ros & Gran Banatzailea eta Atilio Avena upeltegia lagun. Ardoarekin batera, oliba olioa eta olibak ere eskainiko zaie bildutakoei.
Biharamunean, berriz, San Fermin jaia ospatuko dute Misiones probintziako hiriburuan bertako euskal komunitatearen eskutik. Festa Rotary Clubean izango da, Espainia kaleko 3056an, euskal dantzak eta musika, zozketak eta jolasak barne. Sarrerak 100 peso balio ditu –menua dilistak izango da– eta aldez aurretik erosi behar dira, 3764 442 3771 telefonora.
Tailerrak
Gonbiteekin batera Euskal Jatorrik jakinarazten du arrakasta handiz ari direla garatzen Euskal Etxeak moldatutako tailerrak. Txikientzako aktibitatea 4 eta 12 urte arteko neska-mutilei dago zuzenduta eta helburua ezarri du euskal kultura ezagutzea zenbait arte adierazpenen bidez, hala nola, plastika, musika, dantza eta sukaldaritza, batzuk aipatzearren. Elkarretaratzeak asteazkenetan izaten dira, arratsaldeko 5:30tatik 7etara.
Beste alde batetik, dantza tailerra ere eskaintzen du Euskal Etxeak gazte zein helduei begira. Klaseak asteazkenetan dira 7etatik 8etara. Bi ekintzak Rotary Club-eko instalazioetan dira.
Janari salmenta
Ekainaren 12an urteko bigarren janari salmenta egin zuen Euskal Etxeak dirua biltzeko xedez, bere egoitza berria, Rotary Clubarekin konpartitzen duena, egokitu eta hobetzeko asmoarekin. Aurreko salmentetan bezala, paregabeko arrakasta izan zuten Etxeko kideek eta 150 anoa paella saldu zituzten.