euskal diaspora eta kultura
2013/10/30
PUBLIZITATEA
Asuncion, Paraguai. 3. Euskal Astearen balioespen baikorra egin du Asunciongo Jasone Euskal Etxeak. Universidad Nacional del Norte (UniNorte) delakoarekin lankidetzan antolatu ziren ekitaldiak eta elkarteko kide Jorge Izaguirrek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, bereziki azpimarragarria izan da zine emanaldien harrera ona. "Gai oso desberdinekoak ziren filmak, baina kalitate maila ona edo bikaina izan zuten, batez ere "Bertsolari" dokumentalak. "Ikusleak harrituta utzi zituen, gehienek ez zekitelako ezer euskal kulturaren arlo honi buruz, eta horrez gain, dokumentalaren narrazio errealizazio estiloa ere bikainak zirelako", esan du Izaguirrek.
Publikoaren erantzuna ona izan zen, batez ere azken egunean, UniNortek utzitako 50 lagunentzako aretoa bete baitzen. Ekitaldiek oihartzun zabala izan zuten Asunciongo komunikabideetan eta, esaterako, Jorge Izaguirreri elkarrizketa egin zioten unibersitateak Radio Nacional irratian sustatzen duen kultur irratsaioan. Horrez gain "ABC Color" egunkariak ere, Paraguaiko egunkari ezagunenak, jaso zuen Euskal Astearen berria eta erreportajeak egin zituen Radio Ñandutí irratiak. Unibertsitateak ere euskal astearen berri eman zuen bere komunikabide eta sare sozialetan.
[Ezkerretik eskubira, Pedro Gamarra, Perez Paiva Lizentziatua (UNINORTE), Ramon Cueto, Aita Nilo Zarate, Jesus Nazabal euskal etxeko euskara irakaslea eta Hector Izaguirre, Jasone Etxearen presidentea (argazkia AsuncionEE)]
Gazteak erakartzeko ahalegina
Balioespena ona bada ere, euskal etxeak ardura agertu du espero bezain harrera ona izan ez duten zenbait arloei dagokienez, esaterako, gazteen parte hartzea. "Edizio honetan, aurrekoan ez bezala, bereziki gazteak erakartzen saiatu gara, zine emanaldien bitartez eta hori erdizka lortu dugula esango nuek", onartu du Izaguirrek.
Euskal etxea arazo honi erantzun egokia emateko lanean hasi da jada eta gai hau jarriko du mahai gainean datozen egunetan, Argentinako Euskal Astean egingo den Hego Amerika eta Karibeko Euskal Gizataldeen I. Eskualde Biltzarrean. "Gure proposamenetako bat gai hau beste euskal etxeekin batera jorratzea da, gazteak gure ekimenetan behin betiko integratzeko bideak topatzeko. Hots, zer nahi dute? zer dute gustuko? zer egiten dute besteek arlo honetan?", amaitu du Izaguirrek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus