euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zientzia eta erbesteratu ziren euskal zientzilarien legatua izango da azaroan Hamaikabideren 2017ko Batzarreko gaia

2017/05/25

Hamaikabide Elkartearen webgunea
Hamaikabide Elkartearen webgunea

PUBLIZITATEA

1936ko euskal erbesteari buruzko ikerketa eta zabalkundea helburu dituen Hamaikabide Elkarteak "Zientzia eta Erbestea" hartu du 2017ko bere Batzarrerako gaia --azaroaren 7tik 11ra Donostian-- eta indarrean dauka dagoeneko bertan lanak aurkeztu nahi dituztenentzako epea, horretarako muga uztailaren lehena ezarrita. Parte hartzeko interesa daukatenek edota informazio gehiago eskatu edo galderarik luzatu nahi dutenek hamaikabide@gmail.com-era idatz dezakete.

Donostia-San Sebastian. Hamaikabidetik helarazi diguten oharrak adierazten du elkarteak aurten hamabostgarrenez antolatzen duen erbesteari buruzko batzarrak "Zientzia eta Erbestea" hautatu duela gai ardatz gisa, "erbesteari buruzko ikerketetan zientzia izan baita ziur asko gehien baztertu den gaia euskal zientzialariek eginiko lana eta euren emaitza, ezagutu, mahaigaineratu eta zabaltzea.

"Asko dira nomina horretan koka daitezkeen izenak, gehienetan itzaletan gelditu diren pertsonak: Julián Ajuriagerra, Alfredo Lagunilla, José María Bengoa, Vicenta Llorente, Ricardo Urgoiti, Justo Garate… Beste batzarretan bezala, guztiak dira gure interesaren helburuak, euskal hiritarrak zein penintsulako beste edozein jatorrikoak, abertzaleak, sozialistak, komunistak… edo, besterik gabe, diktadurapean bizitzeari uko egin zioten edo, gerrako haurrak izanik, erbestean bizi eta lan behar izan zuten zientzialariak", segitzen du.

Beraz, "azaroaren 7tik 11ra zientziaren arlo desberdinetan gizon-emakume haiek egin zituzten ekarpenak aztertzeko Donostian bilduko gara", argitzen dute. "Batzar honetan zientzia hutsetan zentratuko gara: medikuntza, psikiatria, biologia, matematikak, ekonomia, fisika, kimika, ingenieria, arkitektura..."

Batzarra, Euskal Herriko Unibertsitatearen Karlos Santamaria Liburutegiaren Areto Nagusian egingo da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Areto Nagusian, antolatzaile Hamaikabide Elkartea eta Euskal Herriko Unibertsitatea direla.

Proposamenak aurkezteko data-muga uztailaren lehenengoa izango da. Ponentziak, bai erbesteratuen biografíen ingurukoak baita ere erbesteratu horiek egindako lanen ingurukoak izan daitezke, "hori bai, ikuspuntu biografikoko lanak direnean, orain arte gutxi aztertutako pertsonalitateei buruzkoak izan behar dira".

Paperak aurkezteko baldintzak hemen topa daitezke

Edozein galdera edo informazioa eskatzeko euren erreferentziako emaila, hamaikabide@gmail.com.

-Hamaikabide Elkartea: http://www.hamaikabide.eus/eu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia