euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ziento erdi bat ikasle Rio Coloradon Ibaiko Euskaldunak-en hitzaldian eta Argentinako Euskal Maparen aurkezpenean

2023/09/18

Goiko irudian, Ibaiko Euskaldunak Euskal Etxeko idazkari Celia Baqueiro eta euskara ikasle Andrea Malcorra; beheko irudian EEko lehendakari Elsa Mengelle eta arbela, Rio Coloradoko “Dr. Bernardo Houssay” eskolan emandako hitzaldian
Goiko irudian, Ibaiko Euskaldunak Euskal Etxeko idazkari Celia Baqueiro eta euskara ikasle Andrea Malcorra; beheko irudian EEko lehendakari Elsa Mengelle eta arbela, Rio Coloradoko “Dr. Bernardo Houssay” eskolan emandako hitzaldian

PUBLIZITATEA

Rio Colorado, Argentina. Rio Coloradoko Bigarren Hezkuntzako “Dr. Bernardo Houssay” Eskolan (Rio Negro probintzia patagoniarrean) ziento erdi bat ikasle bertaratu ziren hezkuntza erakunde horretako Liburutegira “Euskal kultura eta bere gizarteratzea hemen” hizpide izan zuen hitzaldia entzutera joan den asteartean, irailaren 12an, hiriko Ibaiko Euskaldunak Euskal Etxeko kide Elsa Mengelle, Celia Baqueiro eta Andrea Malcorra irakasleen eskutik, Ikastetxeak urtero garatzen duen Nazioen Azoka proiektu instituzionalaren baitan.

“Ikasleak herrian eragina izan zuten migrazio korronte desberdinak ikertzen ari dira. Euskal Diasporaren Egunaren berri izan zuten eta horrek jakinmina piztu zien", adierazi dio EuskalKultura.eus-i erretiratutako irakasle eta Euskal Etxeko idazkari Celia Baqueirok. Egoki erantzun zioten deiari, eta ikasleek iradokitako hainbat gai jorratu zituzten beren azalpenean: baserria, euskara, euskal jatorriko ikasleen deiturak eta haien esanahia, jatekoa, dantzak, kirolak, eta hiriaren sorreratik bertako identitatea eraikitzen lagundu zuten ekarpen kultural, sozial eta ekonomikoak.

Argentinako Euskal Mapa

Hitzaldian "Argentinako Euskal Mapa" ere aurkeztu zuten, euskal diasporarekin zerikusia duten hainbat lekuren geolokalizazioa, euskal jatorriko immigranteek Argentinan utzi duten arrasto eta presentzia ikusarazteko, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzak Euskal Etxeen lankidetzarekin landua. Ibaiko Euskaldunak-ek ere ipini zuen bere hondar alea Rio Coloradoko, La Adelako eta inguruko tokietako datuak emanez.

Eskualdean bildutako tokien artean daude, esaterako, euskal pilota jokaleku zaharra izan zen eraikina, joan den mende hasierakoa den egungo kantxa, Vasconia Hotela, Bagolle Pulperia, Monumentu Historiko Nazional izendatua, Dorgambide familiarena zen El Destino janari denda eta taberna, “De Transformación y Comercialización” Kooperatiba, Colonia Juliá eta Echarrenen kokatua, egun “Txapela” sagardoa egiten den tokia... Gehienbat “ikasleek ongi ezagutzen dituzten tokiak, baina, jakina, ez zekiten batere euskal jatorria zutenik. Azpimarratzekoa gazteek entzuteko jarrera, interesatu egin ziren, eta guretzat zinez pozgarria izan zen, oso pozik eta, izugarri kontent irten ginen”, laburbildu digu Ibaiko Euskaldunak-eko idazkariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia