euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Zertarako Amestu Tour 2008' biraren baitan, Berri Txarrak taldeak Suitzan eta Austrian eskainiko ditu kontzertuak

2008/04/24

Berri Txarrak-en 'Jaio.Musika.Hil' diskoaren azala
Berri Txarrak-en 'Jaio.Musika.Hil' diskoaren azala

PUBLIZITATEA

Iragan abenduan Berri Txarrak euskal musika taldeak 'Zertarako Amestu' dokumentala kaleratu zuen. Atsedena hartuz eta zuzenean kontzerturik eman gabe denboraldi bat egon ondoren, iragan hilaren 4ean emanaldiekin hasi zen berriz ere 'Zertarako Amestu Tour 2008' biraren baitan. Horrela, bihartik hasita, musikariek kontzertuak eskainiko dituzte Suitzan eta Austrian. Sei kontzertu izango dira guztira, Bremgarten, Luzern, Davos, Thun, Zurich eta Bregenz hirietan.
Berri Txarrak nafar musika taldeak, 'Zertarako Amestu Tour 2008'-aren baitan, bihar hasiko du Suitza eta Austriako bira, Bremgarten hiriko Klaiderfabriken, gauedo bederatzietatik aurrera. Larunbatean Austriako Bregenz hirira abiatuko da, AJZ Between-en beste kontzertu bat emateko. Igandean, berriz ere Suitzara itzuliko dira taldeko kideak, Luzern hiriko Sedel-en emanaldia eskaintzeko. Hurrengo geltokia Davos hiriko Box aretoa izango da, datorren asteazkenean. Eta, azkenik, bi herrialde hauetako birari amaiera emateko Thun hiriko Cafe Mokka eta Zuricheko '1. Mai Fest' jaialdian parte hartuko dute nafarrek hurrengo ostegun eta ostiralean, hurrenez hurren.

Europako bi lurralde horietan jardun ondoren, Berri Txarrak taldeak beste zenbait kontzertu eskainiko ditu Espainian zein Euskal Herrian datozen asteetan. Hala nola, Suitzatik eta Austriatik iritsi bezain laster, nafarrek Villarrobledoko Viñarock jaialdian parte hartuko dute maiatzaren 3an, Albaceten. Astebete geroago, maiatzaren 10ean, Alacantera abiatuko da taldea eta ondoren Euskal Herrira itzuliko da Gasteizen eta Donostian beste bi kontzertu eskaintzeko. Hurrengo emanaldiak, ordea, zenbait euskal herritako jaietan eskainiko dituztenak izango dira.

'Zertarako Amestu' dokumentala

Nafar hirukotearen 'Zertarako Amestu' dokumentala iragan abenduan argitaratu zen Ibon A. Totorika zuzendari. Lanak euskal taldearen 25 hilabeterik bizienak biltzen ditu, bere 'Jaio.Musika.Hil' azken diskotik hasi, bere grabazio prozesuan jarraituz eta hiru kontinentetan eginiko biran amaituz: Amerika, Asia eta Europa.

Dokumentalak irauten dituen 68 minutuetan mota askotako materiala ikus daiteke: grabazioak, Kansasen eginiko nahasketak, Bartzelona eta Gasteizen eskainitako kontzertuak, birako anekdotak edota Mexikon eta Japoniako irratsaioetan eginiko elkarrizketak. DVDa, gainera, musika esparruan indar handiz sartu zen, Durangoko Liburu eta Disko Azokako artikulurik salduena izan baitzen. Lanaren arduradunek adierazten dutenez, 'lehenengo 2.000 kopiak lehenengo astean agortu ziren'.


Lotura interesgarriak

Berri Txarrak taldearen webgunea
www.berritxarrak.net

'Zertarako Amestu' dokumentala Bartzelonako Zinemaldian
2008ko otsailaren 20an EuskalKultura.com-en argitara emana

Berri Txarrak-en bira Japonia, Alemania, Irlanda eta Portugalen
2007ko otsailaren 21ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia