euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zergatik ez hasi 2019a Euskal Herrirako bidaia bat planifikatzen? Hona Argentinatik Euskal Herria bisitatzeko hiru aukera

2018/12/31

Bilbo, Bizkaia
Bilbo, Bizkaia

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Euskal etxeek eskaini ohi dituzten zerbitzuei, arras erakargarria izan daitekeen berri bat gehitu diote elkarte batzuek azken urteotan. Izan ere, nekeza eta konplikatu edo estresgarria suerta dakieke batzuei bidaia oso bat beren kontura antolatzea. Argentinako euskal etxe batzuen baitan, urte batzuk badira Euskal Herrira joateko talde bidaiak hasi zirela antolatzen. Bidaiariei ostatua, bisita eta gidari adituak eskaintzen zaizkie, Euskal Herria maite eta ezagutzen duten lagunen ikuspuntutik prestatuta, gainera. Hona bildu ditugun hiru proposamen Euskal Herria 2019an bisitatzeko, Argentina abiapuntu.

Lehenengo proposamena abuzturako da eta Arrecifesetik dator, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko erreferente den Mariana Domine Irigoyenen eskutik. 17 egunetan, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Iparraldea bisitatutuko dituzte. Bidaiak baitaratzen ditu hegazkin txartelak, mantenu erdia, goi mailako hotel eta autobusak, bisitetarako sarrerak, osasun asegurua eta bertan behera uzteko asegurua. Informazio gehiago mdomine2002@hotmail.com helbidera idatzita. Arrecifesetik hurbil dauden euskal etxeetan jende interesatua biltzen bada, bidaiaren aurkezpenak eska daitezke.

Bigarren eskaintza Saladilloko Itxaropen Euskal Etxetik iritsi zaigu eta datak, berriz, abuztuaren 30etik irailaren 14ra dira. Bi aste hauetan Pirineoaren bi magaletako leku garrantzitsuenak bisitatzeaz gain zenbait herriko festak, Donostiako estropadak, Zarautzeko Jaiak eta beste hainbat elkarretaratzetara joateko aukera ere izango dute bidaiariek. Saladilloko Euskal Etxearekin batera, Diasporari lotutako Bask in Motion agentzia arduratuko da Euskal Herriko aktibitateez. Gainerako proposamenak bezala, hau ere Argentinako euskal komunitate osoari luzatzen zaio. Argibide gehiago, itxaropena98@gmail.com helbidera idatzita.

Hirugarren gonbitea Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak luzatzen du. Talde bidaietan eskarmendu handia daukan Pablo Pavesak bildutako taldea urrian abiatuko da eta azken urteetan egin duten bezala, bi helmuga izango ditu bidaiak: Euskal Herria -eta bertan Bilbo, Gernika, Bermeo, Donostia, Gasteiz, Lekunberri, Oñati, Hondarribia, Iruñea eta Iparraldea- eta, aurten, Grezia. Lehenengo informazio bilera urtarrilaren 23an, asteazkenean, egingo da Euskal Etxean. Argibideak, cvchacabuco@yahoo.com.ar-era idatzita.

Prezioak eta ibilbide zehatzak eskuratzeko, harremandu zaitez mesedez antolatzaile bakoitzarekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia