euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zeremonia, omenaldiak, erregin hautaketa eta kantina Coronel Pringlesen Immigrantearen Eguna ospatzeko

2016/09/13

Coronel Pringles hirian Kolektibitateen omenezko monumentuan hasi ziren Immigrantearen eguneko ospakizunak
Coronel Pringles hirian Kolektibitateen omenezko monumentuan hasi ziren Immigrantearen eguneko ospakizunak

PUBLIZITATEA

Komunitateari begirako mota askotako ekintzak egin dira azkeneko egunetan Coronel Pringlesen hirira eta eskualdera iritsi ziren etorkinak gogora ekartzeko. Bertako Eusko Biltzar Euskal Etxeko lagunek euskal presentzia bermatu dute zeremonia ofizialean, ikurrina mastaratzen, eta kantinan eta erregin hautaketan, euren ordezkaria aurkezten. Omenaldia jaso zutenen artean, euskal jatorriko Joaquin Ricardo De Aduriz alkate ohia izan zen saridunetako bat.

Coronel Pringles, Argentina. Irailaren 4an (Immigrantearen Egunean) bertan hasi ziren Buenos Aires probintziako Coronel Pringles hirian Immigrantearen Eguneko aktibitateak; festaren 37. edizioari hasiera emateko, kolektibitateen omenezko Monumentuan bildu ziren gizataldeen banderadunak, tartean alemaniarra, belgikarra, txiletarra, espainiarra, frantziarra, israeldarra, italiarra, siriar-libanoarra, suitzarra eta euskalduna, banderak eskuan eta arropa tradizionala soinean.

Hiriko hainbat agintari lagun, elkartetako kideek banderak altxatu eta lore eskaintzak utzi zituzten monumentuaren oinarrian. Zeremonia honen baitan, kolektibitateetako erregingaiak aurkeztu ziren. Eusko Biltzar Euskal Etxeak Martina Iturralde aukeratu zuen euskal ordezkari.

Zeremonia bukatuta, Casa Rotaria izeneko etxean bildu ziren gizataldeetako kideak jardunbide handiko hiritarrei egiten zaien omenaldian parte hartzeko. Euskal gizataldearen kasuan omendua Joaquin Ricardo De Aduriz izan zen, hiriko zinegotzi eta alkate karguetan aritu izandakoa eta bere familia aipagai duen El caballero de Baztan (Baztango Jauna) liburuaren idazle dena.

Immigrantearen Kantina

Ospakizunekin jarraitzeko, joan den larunbatean, irailaren 10ean, Immigrantearen Kantina egin zen el ‘Fogon de los Gauchos’ guneko ‘Martín Iribertegui’ aretoan. Urtero egiten den legez, plater eta dantza tipikoak eskaini zizkioten gizataldeek hurbildu zen publiko ugariari.

Immigrantearen Eguneko ospakizun programarekin bukatzeko, erregin hautaketa gauzatu zen Kantinaren aretoan. Aurtengo irabazlea kolektibitate espainiarreko Pilar Martinez izan da.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia