euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zer da zuretzat euskaldun izatea? Emaiguzu zure erantzuna eta Xamar-en 'Vascos...' eskuratu ahalko duzu

2013/05/28

"Vascos. Su lengua a través de la historia" liburua
"Vascos. Su lengua a través de la historia" liburua

PUBLIZITATEA

Zerk egiten gaitu euskaldun? Ez da galdera erraza, baina hortxe duzu erronka. Gure datorren zozketan parte hartzeko eta Xamar-en "Vascos. Su lengua a través de la historia" liburuaren ale bat eskuratu ahal izateko, galdera horri erantzun beharko diozu. Hainbat bide dituzu zabalik zure ideiak guregana helarazteko: emaila, Facebooka edo iruzkina. Anima zaitez eta partekatu guztiekin zure iritzi eta ikuspuntuak! Jasotako erantzunak argitara ematen joango gara.

Donostia-San Sebastián. Euskal Herria eta euskal kulturari buruzko erreferentzia liburua dugu gure irakurleen artean zozketatzeko: Xamar (Juan Carlos Etxegoien) filologo eta ikertzaile nafarrak idatzitako Vascos. Su lengua a través de la historiaren lau ale, hain zuzen. Irudi, testigantza eta dokumentu bidez euskaldunen herriak eta hizkuntzak izandako bilakaera kontatzen duen liburu paregabea, Pamiela argitaletxeak argitara emana.

Baina saria irabazi nahi baduzu, galdera bati erantzun beharko diozu: Zer da zuretzat euskaldun izatea? Zerk egiten gaitu euskaldun? Jaiotzeko lekuak, familiak, sentimentuak, kulturak, paperek, hizkuntzak... Eragin buruari eta saiatu erantzuna azaltzen zuk nahi duzun modura (200 hitz gehienez). Ekainaren 16a 23:59ean (Euskal Herriko ordua) amaituko da parte hartzeko epea.

Nola bidali zure gogoeta? Hiru bide dituzu aukeran, oso erraza da:

  • Email bidez: Bidal iezaguzu mezu bat info@euskalkultura.com helbidera, gaian “Euskaldun izatea” ipinita. Erantsi zure izen-deiturak, helbide-herri-herrialdea eta telefonoa.
  • Iruzkin bidez: Utzi iruzkin bat artikulu honetan (artikuluaren azpi aldean). Testuaren azkenean itsasi zure izen-deiturak, herri-herrialdea, email helbidea (inportantea, testuan) eta telefonoa.
  • Facebook bidez: idatzi Euskal Kulturaren horman, eta aipatutako datuak itsatsi.

Jasotako erantzun guztiak bildu egingo ditugu eta interesgarrien iruditzen zaizkigunak laburtu eta argitara emango ditugu artikulu batean edo gehiagotan, gure irakurle guztiekin partekatzeko.

Aurreko aldietan bezala, zozketan parte hartzeko erantzun bakarra onartuko da email helbide bakoitzeko. Parte hartu, eta zorte on!



Komentarioak

  • Euskalduna

    Euskalduna euskara darabilena da, euskararen jabe dena, euskaraz mintzo dena, euskaraz hitzegiten duena, euskaraz irakurtzen duena, euskaraz idazten duena, euskaraz goresten/madarikatzen/laudatzen/iraintzen duena... Besterik da euskalherritar izatea, euskalherritar bait da Euskal Herrian bizi dena, euskaldun izan gabe ere; eta besterik da euskal jatorria duena, euskaldun izan gabe ere euskal jatorrikoa izan bait daiteke. --- Aitzol Azurtza, Brooklyn, NY. aitzol@aol.com

    Aitzol Azurtza, 2013/06/12 06:56

  • Nire bizitzaren haria

    Nire bizitzaren haria da euskaldun izatea. Izan zirelako gara, izan garelako izango dira

    L.E.E., 2013/06/08 00:57

  • galdera zaila

    Galdera zaila da, sentimenduak gaina hartzen baitio arrazoiari eta hitzari eta modu batera edo bestera azaldu behar izateari. Hala sentitzen naizelako naiz euskalduna.

    Javier, 2013/06/07 15:02

  • Euskalduna izatea

    Neuk egindako hautua da euskalduna izatea. Edo berez zetorkidan zerbait, nik onartu eta berretsia. Ni egiten nauen zerbait. Iragana, oraina eta geroa. Lotura. Maitasuna. Sentimentua eta koherentzia. Segida. Betetasuna. Maitasuna. Zorion txikia eta zorion handia. Alkartasuna eta partaidetza. Partekatzea. Eskuzabaltasuna. Aurrera egiteko eta hobekuntzarako ahalegin etengabea. Maitasuna. Maitasuna. Euskaraz adierazia. Maitasuna.

    Martina Larraza A, 2013/05/30 17:31

  • Lana, konpromisoa, errespetua, esperantza

    Niretzat euskalduna izatea nire aurrekoekin eta ondokoekin konektatzen nauen zerbait da, parte izatea eta konpartitzea, utzi zidatenetatik onena hautatzea eta hori hobetzen saiatzea hurrengo belaunaldikoentzat, baita nire aldamenekoentzat ere, pertsona hobea izaten saiatzea, elkartasuna praktikatzea, hurkoa errespetatzea, neure burua errespetatzea, neure hizkuntza eta kultura lantzea eta horrek ematen didan atsegina eta harrotasun ongi ulertua transmititzea, lana eta konpromisoa da, aurrerabidea eta geroari esperantzaz begiratzea. Mattin Arrieta. EH/Kalifornia

    Mattin Arrieta, 2013/05/29 00:28

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia