Boise, AEB. Estatu Batuetan, Idahoko hiriburua den Boisen ez dira oraingo honetan ere Euskal Herrian euskara eta euskal kulturaren alde egindako deietatik kanpo geratu eta bat egin dute, zenbait jarduerarekin, Euskararen Eguna eta Euskaraldiarekin, urtean zehar arlo eta koordenada horietan daramaten ibilbide jarraituaz gain. Ostiralean, eta ENE eta Euskaraldia gogoan, 'Handia' filma eman zuen Nere Lete buru duen BSU Unibertsitateko 'Basque Minor' Euskal Adarrak. Gaur bertan, hiriko Euskal Museoak antolatu du jarduera.
izan ere, gaur bertan Boiseko Euskal Museoan daukaten euskara eskolan, ENEk eta Euskaraldiak markatuko dute saioa, "guk ere ahobizi eta belarriprest rolak eginez" eta ekitaldia otortu txiki batekin eta kanta batzuekin amaituz. Euskararen Egunari eta Euskaraldiari buruzko power-point bat pantailaratuko du Todor Azurtza irakasleak, "Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu" leloa erakusten duen argazki batekin bukatuz.
Bestalde eta bere ikuspuntuak eta bere inguruko beste euskaldun batzuenak ere bilduz, gutun ireki bat zabaldu nahi izan du azken urteotan Boisen bizi den Todor Azurtza donostiarrak gaur bezalako egun batean, "Jorge Fernandez, Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkariari zuzendutako eskutitz irekia" izenpean. Hona Azurtzak berak helarazi digun testua.
Euskadiren AEBetako Ordezkariari zuzendutako eskutitz irekia
Jorge Fernández jaun agurgarria,
Hilabete honetan, eta abenduaren 3a arte, Euskal Herrian bertan zein diasporan Euskaraldia eta Euskara Eguna ospatzen ari gara, euskaldunok apartak egiten gaituena ondratu eta bultzatzeko: gure hizkuntza, euskara.
Ekitaldi hauek Euskal Herrian, nahiz iparraldean edo hegoaldean, bizi diren euskaldunei, baita munduan zehar bizi direnei ere, beren nortasuna oroitarazten diete – gure hizkuntzan oinarritua dagoena. Ospakizun hauek euskararen erabilera zigortua zen iragan lazgarria gogorarazten digute ere bai. Garai hartako kondarrek diraute oraindik euskaraz mintzatzen direnek “háblame en español” edo “parle-moi en français” harrokeriaz betetako mespretxuzko erantzunak jasotzen dituztenean. Norberaren ama hizkuntzan hitz egiteko aukera bera ukatzea, kulturaren oinarria gaitzestea da. Eta oinarri hori askok dugu indar eta adore iturri.
Estatu Batuetan zorionez euskara errespetatua da eta ingelerarekin batera erabilia izaten da gehienetan. Euskal-amerikarrok bereziki apreziatzen dugu gutun eta hitzaldietan euskara eta ingelera erabiltzea.
Ez dezagun ahaztu Estatu Batuetara iritsitako euskal etorkinak Euskal Herri osotik etorri zirela, batez ere Iparraldetik, Nafarroa Garaitik eta Bizkaitik. Euskal etorkin hauek bi ezaugarri zituzten amankomunean: bizi oparo baten ilusioa eta euskara. Esate baterako, Ellis Island-go ikuskatzea gainditu ondoren New York hirira itsasontziz iristen zirenean, etorkinek hango kai jendetsuetatik Valentín Aguirre edo haren seme batek botatako "Euskaldunak hemen badira?" galdera entzun zezaketen, eta haiek pozez "Bai, bai! Ni euskalduna naiz!" erantzuten zuten. Zalantzarik gabe imajina dezakegu herrikideak atzerrian aurkitzeak zer-nolako lasaitasuna emanen zien euskal etorkin haiei.
Euskal etorkinak beste herrialdeetan tokiko hizkuntzak ikasiaz egokitu ziren. Estatu Batuetan ingelera hitzegitea beharrezkoa zen. Ingelera hizkuntza nagusia izan arren, migrazioaren lehen olde haietatik hona euskarak leku berezia izan du Euskal Etxeetan, eta euskal-amerikarrok bereziki estimatzen dugu euskara bultzatzeko ahalegin oro, gure bihotza euskalduna delako. Estatu Batuetan badira ehun urte baino gehiago jada euskaldunen ondorengoek arbasoen euskal ondarea iraunarazten dihardutela, gure kultura hizkuntzaren bidez mantendu eta iraunaraziz.
NABOren web orrian zuk bidalitako gonbidapen mezua irakurri ondoren izan dut New Yorkeko Euskal Etxean antolatutako euskal-amerikarren topaketaren berri.
Zure jakinarazpen honekin euskal-amerikarroi okerreko mezua bidali izanak kezkati nauka. Euskararen ordez gaztelera lehenik erabiltzea eta Estatu Batuetako euskal jatorriko gizataldeen hizkuntza nagusia, ingelera, alde batera uztea errespetu faltatzat jo litezke. Estatu Batuetan komunikatzeko orduan euskara eta ingelera erabili beharko lirateke gutxienez.
Orain dela gutxi izendatua izan zarenez, horrelako irristada bat izatea ulertzerik badago, baina berriro gerta ez dadin, eta lidergo maila guztietan hizkuntzaren kontzientzia ezinbestekoa denez, mezu hau zuri idaztea bururatu zait.
Estatu Batuetan, euskaraz oraindik ez dakien euskaldunen ondorengoak badirela gogoratzea garrantzitsua da, baina euren ondaretzat duten hizkuntza ezagutarazteari ongi etorria ematen dietela – eta batzuk euskara ikasten saiatzen dihardutela hizkuntzaren erabilera mantentzeko helburuarekin. Zure postu berriak euskararen kontzientzia handitzeko aukera emanen dizu, baita euskaldunak direnak, eta ez direnak, hezteko eta inspiratzeko parada ere.
Bukatzeko, euskarak, indarberrituko badugu, ezinbestekoak dituen hiztunen beharra aldarrikatuz, 2015 urteko 19. Korrikaren hasieran, Urepelgo leiho batetik zintzilik jarritako oihal batean idatzitakoa zurekin partekatu nahiko nuke: “Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, baina euskarak gu baizik ez gaitu”.
Euskarak batzen gaitu.
Adeitasunez,
Todor Azurtza
2018/12/03