euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Zelai eta itsasoaren arteko' I. Euskal Sukaldaritza Festa, urriaren 6an eta Tres Arroyoseko EEak antolaturik

2013/09/10

Jaian parte hartzeko gonbitea
Jaian parte hartzeko gonbitea

PUBLIZITATEA

Euskal giro herrikoian, euskal sukaldaritza herrikoiaren festa. Hiru Erreka Euskal Etxeak eta Pampa Vasca elkarteak parte hartzera gonbidatzen dute. Programa asteburuan zehar garatuko da, ekintza nagusiak igandean, urriaren 6an Tres Arroyosetik oso hurbil dagoen San Francisco de Bellocq herrian. Mus Txapelketa, Tortilla Lehiaketa eta musika eta dantza emanaldiak egingo dira, besteak beste. Giro erabat euskalduna sortze aldera, eskualdeko euskal etxeak parte hartzera gonbidatzen dituzte antolatzaileek. Behin betiko egitaraua partaide guztien proposamenak jaso ondoren jakinaraziko da.

Tres Arroyos, Argentina. Hiru Erreka Euskal Etxea eta 'Pampa Vasca' Landa Turismo elkartea antolatzaile, jaialdi bizi eta partehartzaile baterako deia luzatu da urriaren lehenengo astebururako Tres Arroyos partiduko San Francisco de Bellocq-en. Ekintzak herriko 22 zenbakidun Eskolan egingo dira, aire zabalean, baina eskolako Erabilera Anitzeko Aretoa ere prest, eguraldia lagun ez bada.

Egitaraua larunbatean hasiko da ibilaldi batekin (14:00etan) eta Mus Txapelketarekin (arratsaldeko 8etan). Txapelketa, Eskolako instalazioetan egingo da eta parte hartzeko 160 peso ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak. Saria esku-dirua izango da, txapelketan bildutako diruaren erdia, hain zuzen.

Lehiaketa Euskal Herriko erara

Baina jaia Euskal Herri moduko jai herrikoia izango da eta dudarik gabe proposamen nagusia Tortilla Lehiaketarena izango da. “Igande goizean Tortilla Lehiaketa egingo dugu, Euskal Herrian egiten diren bezala, epaimahai eta guzti. Asmoa da adituren bat ekartzea epaimahaikide, kolektibitatean ezaguna bai baina euskal etxearekin harremanik ez duen norbait”, azaltzen du Hiru Erreka Euskal Etxeko idazkaria den Mariana Ernetak.

Lehian parte hartzeko izena emateko epea irailaren 27an bukatuko da. Parte hartzaileek 50 peso ordainduko dituzte eta sariak, 1000 peso irabazlearentzat eta $500 eta $300 bigarren eta hirugarren postuentzat, hurrenez hurren. Lehiaketaren oinarriak hemen ikus daitezke.

Goizean zehar, ibilaldiak egingo dira eta Euskal Herriko hizkuntza ezagutu nahi dutenentzat, euskara tailer trinko bat. Bazkaldu eta gero, Mus Txapelketa eta Tortilla Lehiaketaren sariak banatuko dira eta arratsaldean dantza erakustaldiak eskainiko zaizkie bertaratutakoeii. San Francisco de Bellocq-i buruzko hitzaldi bat ere burutuko da, bertako euskal osagaia hizpide. Jaia euskal musika talde batekin amaituko da.

"Euskal kultur erakustaldi bat antolatzea da asmoa. Dantza eta musika taldeak, abesbatzak eta oro har, euskal kultura erakusteko euskal etxeek egiten dituzte aktibitate guztiak ezagutarazi nahi ditugu. Hori dela eta gustatuko litzaiguke ahalik eta euskal etxe gehien biltzea. Eta gauzak errazteko, lehiaketan parte hartzeko prestatuko dituztenez gain, beste tortilla batzuk egin ditzakete taldeek saldu eta bidaiaren dirua berreskuratzeko”, jakinarazten dute euskal etxetik.

Lehiaketei buruzko informazio gehiago eskuratzeko edota ostatuaz galdetzeko, hona idatzi behar da: hiruerrekatresarroyos@hotmail.com.ar. Facebooken ere badago Tres Arroyoseko euskal etxea, ‘Hiru Erreka Tres Arroyos’ izenpean. Pampa Vasca elkartearen blogean (pampavasca.blogspot.com) ere eskura daiteke informazioa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia