euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zeinu hizkuntza ikasiko dute uda honetan Boiseko Ikastolan izena ematen duten haurrek

2014/06/30

Haurrak, Boiseko Ikastolan jolasten eta ikasten (argazkia Boiseko Ikastola)
Haurrak, Boiseko Ikastolan jolasten eta ikasten (argazkia Boiseko Ikastola)

PUBLIZITATEA

Mara Davis Boiseko Ikastolako zuzendariak Euskalkultura.com-i adierazi dionez, zeinu hizkuntza irakatsiko diete, uda honetan zehar, Idahoko hiriburuko haur-eskolan diharduten umeei. “Udako programak bereziak izaten dira beti, hezkuntzan zentratzen garelako baina modu bereziki entretenigarrietan”, azaldu du Berriatun erro sendoak dauzkan boisetar irakasle euskal-amerikarrak.

Boise, AEB. “Uda honetako helburuetariko bat dugu umeek zeinu hizkuntza ikastea”, aipatu du zuzendariak. “Komunikazio tresna bat da, desberdina eta entretenigarria haurrentzat, eta positiboa izango dela uste dugu”.

Honekin batera, garraiobideei buruz eta beste hainbat “eguneroko” gaien inguruan egingo dute lan Ikastolan dauden hiru irakasleek: Maria Pradok, Oihana Andionek eta Mara Davis-ek berak.

Bi-hiru urte eta sei urte bitarteko 25 ume dituzte udako haur-eskoletan; “topera gaude orain”, dio Marak. Gehientsuenak euskal jatorrizko familiakoak dira baina badaude sei euskal seniderik ez dutenik.

“Ederra da hori guretzat. Jendeak badaki familia giroan eta maitasun askorekin tratatzen ditugula umeak eta horregatik bidaltzen dituzte hona. Euskaraz ere ikasiko dute zerbait eta, gaur egunean, jendea kontzientea da hizkuntza bat baino gehiago mintzatzearen garrantziaz”.

Udako eskolak ekainaren 16an hasi ziren eta abuztuaren 15era arte iraungo dute. Horren ostean, 2014-2015 ikasturtea prestatzeari ekingo diote hiru irakasleek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia