euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Lizarraeneak Korrika 18 eta Aberri Eguna ospatzeko ekitaldietan parte hartzera deitu du

2013/03/13

Lizarraenean burutuko den Korrika Kulturalean parte hartzeko gonbitea
Lizarraenean burutuko den Korrika Kulturalean parte hartzeko gonbitea

PUBLIZITATEA

Diaspora osora hedatzen ari da, ostegunean Andoaindik aterako den Korrikaren oihartzuna eta leku bakoitzean bertako erara ospatuko da. Buenos Aires hiriburuko Lizarraenea euskal gunean, esaterako, ‘Korrika Kulturala’ antolatuko dute. Hitzordua, dstorren larunbatean da, iluntzeko 8:30etan, Mexiko kaleko etxean. Hortxe berean, baina martxoaren 22 eta 23an Aberri Eguna ospatuko dute Ekin Argitaletxeak eta Eusketxek deituta, zabaldu berria duten 2013ko ekintzen egitarau barnean. Euskara eta dantza klaseak; musika eta Euskal Herriari buruzko tailerrak; eta arte erakusketak eta ardo dastaketak dira Eusko Kultur Etxeak aurten eskainiko dituen ekintzetako batzuk.

Buenos Aires, Argentina. Martxoarekin batera udari ‘agur’ esan eta poliki-poliki euskal etxeak pixkanaka pixkanaka euren ohiko erritmora bueltatzen dira Hego Ameriketan. Buenos Aireseko Lizarrenea etxearen kasuan euskal egutegiaren barruan garrantzi handia duten bi ekintzekin irekiko da 2013ko proposamenen programa: Korrika eta Aberri Eguna.

Korrika 18-ri dagokionez, datorren larunbatean ospatuko dute Eusko Kultur Etxeko lagunek. Euskararen aldeko jaiarekiko atxikimendua adierazteko Claudia Giaccoberen ‘Euskal Emakumeak’ arte erakusketa inauguratuko dute euren egoitzako areto nagusian, Mexiko 1880n. Ekitaldi berean, Ekin Dantzari Taldeak ‘Antxigorrak’ dantzatuko du eta afari bat eskainiko zaie gero bertaratutako lagunei. Menua pintxoak, txorizo sagardo erara eta madariak ardoarekin izango da. Afarian parte hartzeko txartelak 65 peso balio ditu. Erreserbak, eusketxe@gmail.com helbidean.

Aberri Egunaren kasuan, bi proposamen dituzte Lizarraenea-ko lagunek. Martxoaren 22an, eta Ekin Argitaletxeak gonbidaturik, ‘Kafe Ekin, gogoetarako gune bat’ delako elkarretaratzea egingo da. Urteko lehenengo bilera honek ‘Independentziaren Zergatiak’ izango du gaia, Mariana Fernandez Castelli arduradun. Ekintza arratsaldeko 7etatik 8:45etara luzatuko da. Biharamunean, hau da, martxoaren 23an, eta iluntzeko 8etan, topa-egitea iragarri dute da eta ‘Llach, la revolta permanent’ dokumentalaren proiekzioa Mexiko kaleko etxean.

2013an Lizarraenean burutuko diren ekintzen berri plazaratu berria dute bertan lanean diharduten erakundeetako kideek. Eusketxetik gogora ekarri dute ikastaro eta tailerretan parte hartzeko Eusketxeko kidea izatea edo egitea eskatzen dela. Bazkideen gutxieneko kuota 20 pesokoa da. Hona kultur eskaintza:

-Euskara klaseak: hiru orduko eskolak izango dira, astean behin. Urteko matrikula 60 pesokoa da eta hileko kuota, 40koa. Materiala aparte ordainduko da, 50 peso inguru urte osorako. Eskaintza honez gain, Eusketxek banakako klaseak ere emango ditu. Eskolak ikaslearen kontura izango dira eta ordutegia harekin adostuko da. Klaseak apirilaren 8an hasiko dira eta izena emateko epea irekita dago. Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi  eusketxe@gmail.com helbidera.

-Euskal dantzak tailerrak: adin guztietako lagunei zuzenduta, Aitor Alava dantzari eta zuzendaria buru. Klaseak Mexiko kaleko egoitzan izango dira eta ez da aldez aurretiko ezagupenik. Hileko kuota 30 pesokoa da.

-Ekin Dantzari Taldeko kide izateko deialdia: proposamenaren helburua Euskal Herriko dantza taldeen pareko maila lortzea da. Horretarako interesatuei benetako engaiamendua eskatuko zaie. Ez da aldez aurretiko ezagupenik behar. Deialdia jende orori dago zabaldua baina bereziki momentu honetan Buenos Airesen bizi diren barrualdeko euskal etxeetako dantzariei. Musikariak ere ongi etorriak dira proiektuan. Klaseak ostiraletan dira, 7etatik 9etara eta apiriletik aurrera larunbatetan, arratsaldeko 5etatik 7etara. Hileko kuota, 30 peso.

-Ohiko euskal musika tresnen tailerra: txistu, txirula, danbolin, pandero, redoblante eta atabala. Tailerraren arduraduna Valeria Magliocchetti musikaria da eta ez da aldez aurretiko ezagupenik eskatzen. Hileko kuota, 30 peso.

-'Euskal Herria ezagutzen hasteko tailerra': Mariana Fernandez Castelliren eskutik, euskal kulturari buruzko oinarrizko kontzeptuak landuko dira zortzi klaseko ikastaroan.

-‘Ibilbide Kultural eta Turistikoei buruzko tailerra’: Hileroko elkarretaratzeetan Euskal Herriko leku polit eta interesgarrienak aztertuko dira. Horrekin batera, bidaia bat egiteko beharrezkoak diren euskarazko oinarrizko elkarrizketak ere landuko dira.

-Pintura apaingarria euskal diseinuekin: lanak egurrean egingo dira eta klase bakoitzean partaide bakoitzak bere eskulana eraman ahal izango du. Eguzkilorea zer den eta Euskal Herrian daukan garrantzia irakatsiko da. Eskolak hiru ordukoak izango dira hilean behin eta maiatzaren 10ean hasiko dira. Parte hartzeko 120 peso ordaindu behar dira (materialak barne daude).

-“Euskal Nortasuna” argazki lehiaketa: Argentinan eta mundu osoan euskaldunen presentzia islatzen duten irudiak saritzea da lehiaketaren helburua. Lanak ekainean erakutsiko dira Mexikoko egoitzan. Informazio gehiago eskatzeko, eusketxe@gmail.com helbidean.

-Ardo dastaketa: maiatzetik aurrera Ardo Dastaketa ziklo bat hasiko du Eusketxek. Maria Florencia Bernales sommelier-ak mota ezberdinetako ardoak aurkeztu eta Argentina eta Euskal Herriko ardoen arteko loturak azalduko ditu sei hitzaldiko zikloan. Aktibitatean parte hartzeko 50 peso ordaindu beharko dituzte etxeko kideek (eta 70, kide ez direnek) elkarretaratze bakoitzean. Plazak mugatuak direnez, izena eman behar da 4381-4611 telefono zenbakian (mezua utziz) edo eusketxe@gmail.com helbidean.

-Eusketxeko Arte Galeria: euskal komunitateko artista plastikoei –baita euren lagun eta senideei ere– zuzendutako deialdia. Euskal jatorririk ez duten, baina euskal gaiak lantzen dituen artistei ere helarazten zaie gonbitea. Lanak Eusketxera bidali behar dira martxoaren 1etik urriaren 30era arte. Aurkeztu behar den materiala, hauxe da: lanaren gutxienez 7 irudi, lanaren azalpena, egilearen curriculum vitae-a (izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia barne). Material hau Mexiko kaleko egoitzara eraman daiteke edo emailez bidali. Erakutsiko diren obren hautaketa telefonoz eta e-mailez ezagutaraziko da. Artelanak Eusketxeko aretoan erakutsiko dira, hilabete batez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia