euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zea Maysek lau kontzertu eskainiko ditu martxo honetan AEBn eta Mexikon 'Nire Itsasora Itzuli Naiz' biraren baitan

2024/03/12

'Nire Itsasora Itzuli Naiz' birak Ipar Amerikara eramango du Zea Mays, AEB eta Mexikora, bina kontzertu herrialde bakoitzean
'Nire Itsasora Itzuli Naiz' birak Ipar Amerikara eramango du Zea Mays, AEB eta Mexikora, bina kontzertu herrialde bakoitzean

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. 'Nire Itsasora Itzuli Naiz' izenpeko bira uztailera arte luzatuko da bederen eta herri askotako agertokietara eramango du Aiora Renteria buru duen taldea, Euskal Herrian baina baita Espainian eta Ipar Amerikan barrena ere. Atlantikoaren beste aldea eramango dituen lehenengo bidaiak, San Frantziskon (Kalifornia) izango aurreneko geltokia martxoaren 22an eta bertan Gure Euskal Etxean (Basque Cultural Center) joko dute. Kontzertua arratsaldeko 8:30etan izango da, doan. Biharamunean, martxoaren 23an, Boisen (Idaho), joko dute hiriko 'Treefort' jaialdian.

Jarraian Mexikora abiatuko dira eta Guadalajaran, martxoaren 27an, Anexo Independencia aretoan eskainiko dute lehenengo emanaldia; eta bigarrena martxoaren 28an, Mexiko Hirian, Foro del Tejedor Antzokian. Gogora dezagun 2019an Aiora Renteriak eta Piti Imazek kontzertu pare bat eskaini zutela Mexikon. Baina, talde osoa ez egoteaz gain, momentu hartan emandako kontzertuak, ‘Doctor Deseo’ taldearekin batera eman zuten; beraz, aurtengoa hartzen dute taldearen lehenengo bisita ofiziala legez.

Noizko Hego Konoan?

Aiora Renteriarekin batera, Piti Imazek (gitarra), Asier Basabek (bateria) eta Ruben Gonzalezek (baxua) osatzen dute Zea Mays. Hogeita bost urte daramatzate elkarrekin eta hamaika lan diskografiko dauzkate. Horietako azkenean, ‘Adore, Kemena, Kuraia’ izenekoan, Doctor Deseo-ren ‘Corazón de tango’ abestia grabatu zuten... Hari horri tiraka, Tangoaren herrialdeetara ere bidaiatuko al dira? Bira honetan ez bada, ea hurrengoan. Zaleak zain dauzkate. Eta Argentinan, Uruguain eta Txilen ere euskal etxeek harrera ederra egingo liekete. Ba al dago norbait beste aldean?



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia