"Ze arraroa euskararik gabe...": Txileko Santiagoko Euskal Etxea partaide 92ko Nafarroa Oinezeko kantuaren moldaketa berrian
2016/10/04
Txileko Santiagoko Euskal Etxeko Itxaropen Gaztea taldeko dantzariak, bideoklipean
PUBLIZITATEA
Datorren urriaren 16an Nafarroa Oinez ospatuko dute Vianako Erentzun ikastolak eta Lodosako Ibaialdek. Eguna heldu bitartean, giroa berotzeko, Txikiak Handi egitasmoak Vianan ospatu zen 92ko Nafarroa Oinezeko kantu mitiko hura --"Arraroa, noski"-- hartu eta moldatu egin du. Bertsio berriaren bideoklipean, hizkuntza gutxituen hainbat hiztunen artean, biziki poztu gaitu Diasporako euskara ikasleak eta Santiagoko Euskal Etxeko dantzariak ikustea.
Donostia-San Sebastián. 24 urte pasa dira dagoeneko kantu hura aurkeztu zenetik, 92ko Vianako Nafarroa Oinezen, baina asko gogoratzen dute oraindik ere Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak sortu zuten "Lingua vasconum, lingua navarrorum" zioen abesti hura. Agian musika alaia eta itsaskorra izateaz gain, hitzak ere biribilak zirelako.
Orain, Nafarroa Oinez Vianara itzuliko dela eta, Txikiak Handi egitasmoak kantu haren moldaketa egin du, hizkuntza gutxituei eskainia. Bideoan hainbat herrialdetako lagunek parte hartu dute, hizkuntza gutxituetan abestuz: kitxua, korsikera, kaxubiera, katalana, baita zeinu hizkuntza ere.
Horien artean, Diasporako euskaldunak ere ikusi ditugu, Txileko Santiagoko Euskal Etxeko dantzariak --eta Bartzelonako euskara ikasleak--, hain zuzen ere, munduko euskal etxeetan euskara ikasten eta euskal kultura gordetzen, maitatzen eta ezagutarazten diharduten guztien ordezkari.