euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zazpirak Bat Euskal Etxearen eskutik Euskara Rosarioko Unibertsitateko Hizkuntza Institutura sartuko da

2013/07/12

Iaz ehun urte bete zituen Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen egoitza (argazkia EuskalKultura.com)
Iaz ehun urte bete zituen Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen egoitza (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Zazpirak Bat Euskal Etxeak eta Unibertsitateak sinatutako hitzarmen bati esker Euskara eta Euskal Kultura orokorrari buruzko katedra bat sortuko da Rosarioko Humanitate eta Arteen Fakultatean. Proposamena komunitate osoari dago zuzenduta eta bi urteko ikastaroa bukatzean Fakultateak emaniko ziurtagiriak jasoko dituzte partaideek. Katedraren inaugurazioa uztailaren 20an izango da, Unibertsitateko, euskal etxeko eta FEVAko hainbat agintari partaide. Larunbat horretanxe hasiko den Euskara Munduan proiektuaren Neguko Barnetegiko ikasleei ere luzatu die gonbitea erakunde anfitrioiak.

Rosario, Argentina. Euskararen zabalpenarekin lotura handia duten bi ekintza burutuko dira uztailean iaz ehun urte bete zituen Rosarioko euskal etxean. Alde batetik, euskara irakasleak trebatzeko HABEk sustatzen duen ikastaro trinkoaren egoitza izango da 20tik 27ra. Bestetik, Zazpirak Bat-ek eta Unibertsitateak elkarrekin bultzatuko duten Euskara eta Euskal Kulturari buruzko katedraren aurkezpena egingo da larunbat horretan, 20an, bertan.

“Lan handia egin dugu azken bolada honetan proiektu hau gauzatu ahal izateko. Hitzarmenaren bidez, euskarak leku formala izango du aurrerantzean Humanitate eta Arteen Fakultatean, zehatz mehatz Hizkuntza Institutuan. 2013ko bigarren seihilekoan euskal etxeko egoitzan garatuko da eta 2014tik aurrera Fakultateko Instalazioetan. Ikastaroa bi urtekoa izango da, komunitateari zabalik antolatu da eta bukatzean Fakultateko egiaztagiriak eskuratzeko aukera izango dituzte ikasleek”, azaldu diote EuskalKultura.com-i euskal etxeko arduradunek.

Katedraren programaren barruan euskara ez ezik, Euskal Herriko kultur orokorra ere irakatsiko da. Hori dela eta, euskal etxeak euskal gaietan adituak direnakgonbidatzen ditu euren proposamenak –hitzaldiak, mintegiak– aurkeztera. Zuzendaritza Batzordeak aztertuko du gero proposamen bakoitza gauzatzeko aukera.

Euskara eta Euskal Kulturari buruzko katedraren inaugurazioa uztailaren 20an izango da, arratsaldean, programa honekin:

-3etan, euskara ikasleen ikas prozesuaren esperientziak trukatzeko bilera
-5etan, inaugurazio ekitaldia, Nora Mugica letren doktorea eta Alejo Conti euskara irakaslea hizlari. Euskal etxeko eta FEVAko agintariak ere bertaratuko dira baita Humanitate eta Arteen Fakultateko dekanoa eta Hizkuntza Institutuko Zuzendaria ere
-6etan, euskara praktikatzeko saioa
-9etan, afaria (txartela, 45 peso)

Informazio gehiago eskuratzeko edota ostatuaz galdetzeko euskal etxera behar da jo; internetez, zazpirakbatrosario@zazpirakbat.com.ar helbidera idatzi; edo telefonoz 0341 421-7670 zenbakira deitu. Erreserbak egiteko epea uztailaren 18an bukatuko da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia