euskal diaspora eta kultura
2013/08/02
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Zenbatezinak dira Euskal Herriaren nortasuna ezagutarazteko dauden bideak. Euskal dantzak eta musika Pirinioetako herriaren irudi polita dira eta euskal etxe askok kaleratzen dituzte jai egunetan euskal kulturaren presentzia bermatzeko. Euskara ere bada euskal ikur bat eta irakasleen eskutik gero eta leku handiagoa ari da hartzen hainbat hiritako hizkuntza guneetan.
Baina badago euskaldunez hitz egiteko beste forma bat, hau da, euren pasioa eta engaiamendua aipatuz. Eta Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko emakumezkoen boleibol taldeak, ikurrinaren koloreekin batera, balio hauek sartzen ditu zelaira partidu bakoitzean.
“Maxi Kategoria 30 urtetik gorako emakumeon kategoria da. Gehienok txikitan hasi ginen boleibolean jokatzen lehiaketa ofizialetan. Orain liga honetan izateak lehiaketetan parte hartzen jarraitzeko aukera ematen digu eta gogo handiz egiten dugu, gainera”, azaldu digu taldekide den Alejandra Dell Arcipretek.
Taldearen sorrera
Zazpirak Bat-eko emakumezkoen boleibol taldea 1999. urtean sortu zen, erakundeko kide batzuk partaide. Asmoa kirola egitea zen baina euskal etxearen girotik urrundu gabe. Asmoa ondo baino hobeto bete zen eta haratago ere joan ziren kirolariak. Euskal etxearen baitan jaiotako taldea, 2001ean Euskal Herrira abiatu zen astebete pasatzera.
[2001eko bidaian, Zazpirak Bat-eko Boleibol taldea Juan Jose Ibarretxe Lehendakariarekin (argazkia Euskal Etxeak aldizkaria)]
Boleibol Euskal Federazioak gonbidaturik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Euskadiko bertako selekzioen aurka jokatu zituen Rosarioko euskal etxeko taldeak. Bidaiaren helburu nagusia, ordea, ez zen partiduena; kultur trukearena baizik. Hori dela eta, oso baliogarria egonaldia Euskadiko leku adierazgarrienak ezagutzeko. Aipatzekoa da, gainera, Ajuria Enea jauregira egindako bisitan garaiko lehendakari Juan Jose Ibarretxerekin elkartzeko aukera izan zuten.
Baina denbora aurrera doa eta taldea berritu eta handituz joan da urteekin. Lanaren poderioz, ‘Zazpirak Bat’ izenak garrantzi handiko lekua irabazi du Ligako ‘Maxi’ Kategorian eta Rosarion ez ezik, Argentina mailan ere bada ezaguna. “Gonbitea non, taldea han. Hori dela eta azken bolada honetan, besteak beste, San Rafael, Santa Fe, Carlos Paz, Leones, Parana, Junin eta Mar del Plata hirietan antolatutako txapelketan hartu dugu parte euskal etxearen ordezkari. Eta hemen Rosarion ere jokatzen dugu. Badago 25 taldez osatutako lehiaketa bat eta hiru aldiz irabazi genuen lehenengo saria. Eta azken txapelketan, Santa Fe hirian burutu zen Hego Amerikako lehian, ere geratu ginen lehenengo postuan” jakinarazi digute neska rosariotarrek.
[Maria Claudia LLanos, Andrea Gustafsson, Mariana Mazzei, Roxana Tassile, Mirta Palermo, Carolina Godino, Livia Martini, Carolina Calderon, Gisella Antuña, Sabrina Latino, Natalia Mastrobernardino, Jessica Viscobia,Virginia Lopez eta Alejandra Dell Arciprete Hego Amerikako Txapelketan (argazkia EE)]
“Hau bezalako izen handiko erakunde baten izenean jokatzea harro egoteko arrazoi bat da guretzat. Gainera, eskertuta gaude euskal etxearekin euskal gizataldearen ordezkari izatea baimentzen baitigu. Kamisetetan ikurrinaren koloreak ikus daitezke eta geure buruari animoa emateko leloak euskaraz egiten ditugu. Horixe da gure marka da eta beste taldeek begirune handia diote”, azpimarratzen dute Matias Difulvio zuzendari tekniko duen taldeko jokalariek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus