euskal diaspora eta kultura
2010/08/10
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Urtero bezala, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak hiriko eta eskualdeko euskaldunekin batera ospatu du San Inazio eguna. Nuestra Señora del Rosario Basilikan burutu ziren elizkizunetan, Gaztedi Zutik dantza taldeak bere ikuskizuna eskaini zien bildutako euskal etxeko agintari eta lagunei, eta Lagun Artean abesbatzak, Carlos Gantusen gidaritzapean, jende aurreko lehenengo aurkezpena egin zuen, indarrak berriturik hasi eta gero. Apaizak esandako hitzak aipagarriak dira. Izan ere, sermoian San Inazioren bertuteei buruz hitz egiteaz gain, "bere etorkizunaren bila ari den Euskal Herria"ren alde eskatu zuen elizgizonak.
Mezaren ondotik, Rosarioko ikurra den Banderaren Omenezko Monumentuaren aurrean, euskal etxeko dantzariek berriro erakutsi zuten euren trebetasuna. Gauean, berriz, euskal etxearen egoitzan, euskal musika ez zen gauerdira arte isildu.
Ospakizunek aste honetan jarraituko dute, eta dantzei eta abesbatzaren errepertorioari, euskal sukaldaritza gehituko zaie. Gaurtik aurrera, astean zehar, euskal etxeko lagun-taldeek (asteartekoek, asteazkenekoek eta ostegunekoek) janari bereziak prestatuko dituzte “Baratxuri Sarian” -- stiralean egingo den Lehiaketa Gastronomikoan-- parte hartzeko.
[“Baratxuri Saria” lehiaketaren logoa]
Larunbatean, hau da, hilaren 14ean, arratsaldeko 6etan, eta Zazpirak Bat euskal etxeko lehenengo pisuko aretoan, Choli Berreteaga, Itziar Aguirre eta Arantza Soraluce sukaldariek maisutasun klasea emango dute. Ondoren, etxeko lagun guztiek parte hartuko duten topaketan, “Baratxuri Saria” emango zaio lehiaketa irabazleari. Hau gutxi izango balitz, Euskal Herriko artistek jarriko diote musika gauari. Erakundeko dantzariek ere beren koreografiak oparituko dizkiote publikoari.
Abuztuaren 15ean, lan handiko asteari bukera emango diote rosariotarrek Afaria/Sukaldaritza-gertakari batekin. Oraingoan, Itziar Aguirre, Arantza Soraluce eta Andrés Filippini chef-ak, Choli Berreteaga koordinatzaile, egongo dira tauletan euren “artelana” gonbidatuekin konpartitzen. Afarian, Choli Berreteaga sukaldari ezagunari omenaldia egingo zaio.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus