euskal diaspora eta kultura
2013/05/06
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. FEVAko kideekin bildu ondoren, Rosario hirira abiatu ziren Asier Vallejo eta Sara Pagola Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak apirilaren 21ean bertako euskal gizataldearekin elkartzeko. Etxeko egoitza ezagutu ondoren, eta instituzioko lehendakari Javier Oteizak lagundurik, Parana ibaiaren ertzean dagoen Gernika Plaza bisitatu zuten.
[Rosarioko Gernika Plazan, Luis Maria Barrandeguy, Shanti Arrieta, Mariana Satostegui, Asier Vallejo, Javier Oteiza eta Ricardo Basterra (argazkiaEE)]
Ibilaldia bukatutakoan bazkaria eskaini zitzaien bisitariei Zazpirak Bat Euskal Etxeko jatetxean.
San Prudentzio eta Gernikako Bonbardaketaren urtemuga
Euskadiko egutegietan oihartzun berezia duten datek Rosarioko euskal etxeko egutegian ere izan ohi dute lekurik, hala nola arabarrentzat garrantzitsua den San Prudentzio egunak. Euskal etxean eginiko bazkari batekin ospatu zuten Rosarion. Jaia, ordea, maiatzaren 1ean egin zuten –langilearen eguneko jai eguna aprobetxatuz– eta adin guztietako lagunak bildu zituen.
Apirilaren 26an, berriz, elkartzeko arrazoia beste bat izan zen. Gernikako Bonbardaketaren 76. urtemugaren baitan, bake mezu bat zabaldu zuten euskal etxeko arduradun eta kideek Rosarioko Gernika Plazatik mundura. Zeremonia iluntzeko 7etan burutu zen, Gernikako Haritzaren kimuaren ondoan.
[Horrela agertu zen Rosarioko Gernika Plaza apirilaren 26an, ilundutakoan (argazkiaEE)]
Beste alde batetik, eta Hiriko Udalbatzak antolaturik, Gernikako Bonbardaketa gogoratzeko zeremonia bat burutu zen Banderaren Monumentu Nazionalean, maiatzaren 2an. Ekintza honetan, sarraskiari buruzko hitz batzuk zuzendu zizkion publikoari Javier Oteizak.
Aberri Eguna Enne Etchegoyen-en partaidetzarekin
Berriekin bukatzeko, Zazpirak Bat Euskal Etxeak gogoratu eta bildu nahi izan du Aberri Eguneko aurtengo jaian jaso zuten bisita berezia. Izan ere, eta Argentinarako bira labur baten baitan, euskal etxeko kideekin elkartu zen Anne Etchegoyen abeslari baxenabartarra Aberri Eguneko bestan.
[Rosarioko Ros Tower hotelean Itziar Aguirre sukaldariarekin aurkeztu ondoren, Aberri Eguneko jaia alaitu zuen Etchegoyenek Zazpirak Bat Euskal Etxean (argazkiaAEtchegoyen)]
Jendez betetako trinketean, bere errepertorioko abesti hautu batzuk eskaini zizkien Iparraldeko kantariak bildutako lagunei.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus