euskal diaspora eta kultura
2008/03/12
PUBLIZITATEA
Etzi hasiko da Gotainen Xiru jaialdiaren 19. edizioa. Musika eta sorkuntzari buruzko jaialdi honek Zuberoako kultur giroa astintzea eta dinamizatzea du helburu eta aurten Diasporari eskainiko dio tarte berezia, Zuberoatik eta Euskal Herri osotik atzerrira joan behar izan zuten milaka lagunen gomutan. Hiru egunez jaialdiak Diasporako artistekin biltzeko beta emango du, horien artean San Frantziskoko Johnny Kurutxet bertsolaria eta Carmen Caccuri kantari euskal argentinarra, besteak beste. Erakusketak ere izango dira dastagai, horien artean Argentinar Diasporan hazitako Nestor Basterretxea artistaren Gernika lanarena eta Joxe Mallea-Olaetxe Nevadako munitibartarraren 'Lertxunmarrak' argazki erakusketa, artzainek AEBetako Mendebaldeko lertxunetan utzitako marrazkiei buruz.
Jaialdiaren lehen eguna gisa berezian izango da Diasporari eskainia. Egitarauari arratsaldeko ordu bietan emango zaio hasiera, haurrentzako prestaturiko ikuskizun batekin. Arratsean 'Euskamerikan Artzain' izeneko ekitaldia hasiko da, Kaliforniako euskaldunei buruzko filme baten emanaldiarekin. Ondoren bertso saio "inter(net)nazionala" izango da: Gotainen Gillen Iribarren eta Patxi Iriart ariko dira kantari eta San Frantziskotik internet bidez Johnny Kurutxet bertsolari euskal-kaliforniarra bilduko zaie.
Ameriketako euskal artzainei buruzko pastorala
Ondoren 'Euskamerikan Artzain' pastoralaren estreinaldia egingo dute, Sohütako lizeoko ikasleek antzeztuta. Eurekin batera musika eta antzerki ez profesionala biltzen dituen ikuskizuna antolatzen, Aña Mari Etxeberri irakaslea, Nicole Lougarot zuzendaria eta Mixel Etxekopar musikaria, pastoralaren egilea, arituko dira. Etxekoparrek Estatu Batuetara joan ziren artzainen bizimodua kontatzen duen pastorala Kalifornia aldean aurkezteko itxaropena agertu dio EuskalKultura.com-i, "agian datorren urtean bertan". San Frantziskoko euskal neska-mutil taldea Sohütako ikasleak ezagutzera etortzeko proiektua ere esku artean du.
Pastoral hau 2002an Etxekoparrek Kaliforniara egin zuen bidaiaren esperientziatik sortu zen. "Nire aitatxi han ibili zen eta txikitandik etxean entzun nituen hango istorioak. 2002an hango euskaldunek musikari batzuk gonbidatu gintuzten eta Bakersfielden gelditu ziren aitatxiren hiru anaiak ezagutu nituen. Euskal nortasun biziki indartsua dute eta hori ikusteak irauli egin ninduen. Etxera bueltan kantu bat idazten hasi nintzen, sabeleko min hori kentzeko, gero beste bat... eta azkenean pastoral osoa", azaltzen du Etxekoparrek.
Artea eta erbestea
Larunbatean 'Artea eta Erbestea' mahaingurua egingo dute Nestor Basterretxea eskultore bermeotarrak (gaztetan Argentinan erbesteratura bizi izan zen) eta Gitza Iorga musikariak, egun Marsellan bizi den Moldaviako artista tziganoak. Arratsaldeko hiruetan 'Africa Paradis' filma izango da ikusgai Mauleko Musika Gelan eta horren ostean Michelle Sollek kazetariak filmari buruzko solasaldia gidatuko du.
Egunari bukaera emateko "Zazpi 'ta bat" ikuskizuna eskainiko dute hainbat musikarik Gotaineko kiroldegian: bertan izango dira Niko Etxart kantaria, Mixel Etxekopar musikaria, Bruno Holmaert soinujolea, Foued Chabane perkusiojole eta euskaldunberri aljeriarra, Pette Etxebarria bideo-sortzailea eta Marsellako Orkestra Tzigano Nazionala.
Carmen Caccuri, Argentinako xiberotarra
Igandea goizean pilota partida, bertsolari eta dantza erakustaldiekin hasiko da eguna. Goizeko hamaika eta erdietan ikuskizun ibiltari batek hartuko du Zuberoako herria, Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Arotze kantarien, Amaren alabak taldearen, Carmen Caccuri kantari euskal argentinarraren, Christian Vieussens hirukote gaskoinaren eta René Martinez ipuin-kontalariaren eskutik.
[Deigarria da oso Carmen Caccuriren esperientzia. Buenos Airesen jaioa, Caccurik bazekien amona euskalduna zuela, baina ez nongoa. Duela urte batzuk kantaria Frantziara bizitzera joan zen eta Euskal Herrira bisita egin zuenean Mitikile herrian gelditzea erabaki zuen. Sinesteko zaila bada ere, geroago, bertakoekin hizketan, amona mitikildarra zuela jakin zuen]
Eguerdian bazkari herrikoia egingo da eta arratsaldeko hiruetan musika izango da protagonista berriz ere, Gaskoinia, Xiberoa eta Moldaviako hiru ikuskizunekin. Lauretan Carmen Caccuri kantariak igoko da taula gainera eta bere kantuekin xiberotar emigranteen ondorengo honek jaialdiaren leloa den "Zazpi ta Bat" horri buruzko kantu bidezko hausnarketa pertsonal eta hunkigarria eskainiko du.
Lotura interesgarriak
Xiru 19 jaialdiaren egitaraua
http://hebentik.wifeo.com/xiru
Zuberoako Hebentikek lokala eskuratzeko laguntza eskatzen du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 1ean
Xiru 18ri buruz
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 21ean
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus