Rosario, Argentina. Hamasei urte ondoren, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak Gizataldeen Jaian parte hartuko du berriro. Stand bat eta agertokia montatuko dute eta ekitaldi ugari eskainiko dituzte. Hamar eguneko festa izango da, azaroaren 11tik 20ra, eta baita lan handia ere Rosarioko euskal etxeko taldearentzat. 38. Gizataldeen Topaketa eta Jai Nazionala Banderako Parke Nazionalean egingo da eta milioi bat lagun baino gehiago espero dira. Sukaldaritza eskaintza zabala, eskulan, musika eta dantza ikuskizun eta kultura jarduerez gozatzeko aukera franko izango dituzte bisitariek.
'Zazpi'ren standera hurbilduz gero, proposamen ugari aurkituko dituzu. Sukaldaritza gunean, kalitate handiko platerak prestatu eta eskaintzen arituko dira ‘Trainera’ eta duela gutxi inauguratutako ‘Gernika’ jatetxeak. Txapela sagardo naturala ere bertan izango da: Eta euskal produktuak erosi nahi dituenarentzat, ‘Aitune’ euskal oroigarri dendak funtzionatuko du. Hamar egunetan euskal erakuslehio izango dira. Abizenen jatorriari buruz, kirola, ohiturak eta euskarari buruzko informazioa ere emango dute, mus partidak erakutsiko dituzte eta, festa osoa izan dadin, danborrada bat ere jendaurretuko dute.
Hizkuntza Gutxituak dituzten Nazio Europarrak
Larunbatean, azaroaren 19an, arratsaldean, ‘Hizkuntza Gutxituak dituzten Europako Nazioen Topaketa’ren anfitrioiak izango dira 'Zazpi'ko kideak. Ildo horretatik, Alejandra Persig irakasleak euskara klase irekia emango du eta ikasleek oinarrizko edukiak praktikatuko dituzte. Dantza ere ez da faltako. Izan ere, umeen 'Gure haziak' dantza taldeak eta 'Gaztedi zutik'eko dantzariek standeko agertokian zein agertoki nagusian aurkeztuko dira. Dantzari ohiek ere euren presentzia agindu dute. Zorionak Zazpi! Festa ederra sortu eta egin!