euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zazpi ohorezko domina nazien aurka II Mundu Gerran hildako Manuel Aldecoa piloto euskal boisetarrarentzat

2015/04/10

Familia argazkia, ezkerretik hasita: Richard Wilson, Dolores Totoricaguena, Preston Glaisyer, Benedicta Aldecoa, Patty Ely, John Wilson, Delphine Aldecoa, Jeanne Wilson, Joel Glaisyer eta Mike Crapo (Argazkia: Gloria Totoricaguena)
Familia argazkia, ezkerretik hasita: Richard Wilson, Dolores Totoricaguena, Preston Glaisyer, Benedicta Aldecoa, Patty Ely, John Wilson, Delphine Aldecoa, Jeanne Wilson, Joel Glaisyer eta Mike Crapo (Argazkia: Gloria Totoricaguena)

PUBLIZITATEA

Hilosteko ohorezko zazpi domina jaso ditu Boisen jaiotako Manuel Aldecoa euskaldunak aste honetan. Orain 72 urte gertatu zen, 1943ko azaroaren 25ean. Dolores Totoricaguenak --Manuel Aldecoaren loba den John Wilsonen emazteak-- egindako ikerlan eta izapideen ondorioz lortu du sendiak Manuelen memoria omentzea. Mike Crapo Idahoko senadoreak zuzendutako ekitaldira 60 lagun bildu ziren, tartean 96 eta 93 urte dituzten Benedicta eta Delphine Aldecoa Manuelen arrebak, familiako beste 25 bat kide, Bizkaiko Foru Aldundiko Imanol Pradales eta Gabino Martínez de Arenaza eta KTVB telebista katea. “Oso harro gaude”, esan dio Delphine Aldecoak EuskalKultura.com-i.

Nampa, AEB. Boisetik, Idahoko hiriburutik, ordubete eskasera dago Nampa, eta bertan kokatuta dago irabazi asmorik bako WarHawk gerra museoa. Hortxe omendu zuten, joan den asteazkenean, Manuel Aldecoa boisetarra, Bigarren Mundu Gerran nazien kontrako borrokan, bizia emateagatik. Ohorezko zazpi domina altuenak ezarri zizkion Mike Crapo estatuko senadoreak, sendia aurrean zegoela: Bihotz Morea; Aireko Domina; Ameriketako Kanpainaren Domina; Jokamolde Zuzenaren Domina; Europako, Afrikako eta Ekialde Hurbileko Domina; Bigarren Mundu Gerrako Garaipen Domina; eta Ohorezko Zerbitzuzko Paparrorratza.

Dolores Totoricaguenak azaldu legez, Bihotz Morea da denen artean balio handiena duena, “hil zaituztela edo zauritu zaituztela adierazten baitu”. “Oso harro gaude −esan zuen Delphine Aldecoak−. Manuel pilotua izan izana izan zen ni Aire-Zirkulazio Kontrolgunean lanean hasteko arrazoietako bat”. Baina oso latza izan zen nebaren heriotza: “Gerraz gogoratzea ez da gauza erraza, halere beti izan dugu [Manuel] gogoan”.

Konbatean desagertu zenean, bigarrengo tenientea zen Manuel Aldecoa. 343. eskuadroiko 55. taldeko kidea zenez, Wormingford-etik (Ingalaterra) ateratzen zen misioak egitera, P-38 hegazkin militarra pilotatuz. 25 urte baino ez zituen Lille-n (Frantzia) hil zenean, Johannes Seifert pilotu naziaren kontra aire-borrokan. Historia militarreko hainbat liburuk diotenez, Aldecoak bota zuen, lehenengo, Seiferten hegazkina lurrera, baina bere makinak matxura larriak zituela-eta paraxuta erabilita alde egiten saiatu zen. Inork ez daki, ziur, hortik aurrera, nola hil zen boisetarra.

Familia baturik

Sendi handia du Manuelek eta hainbat kide bildu ziren Nampako museora. Benedicta eta Delphine arrebez gain, Patty Ely loba ere izan zen bertan (bere senar Jack eta Preston eta Joel semeekin batera); baita Jeanne eta John Wilson lobak ere (eta Johnekin batera, Dolores Totoricaguena emaztea eta bien semea den Richard); Mutrikun jaio eta Ameriketara emigratu zuten Manuelen bi lehengusina, Carmen Pagoaga Lete eta Louisa Pagoaga Bilbao; beraiekin batera, dagoeneko zendua den beste lehengusu baten alarguna, Regina Aldecoa; bai eta hauekin erlazio zuzena duten beste hainbat senide eta lagun; eta Boiseko Basque Museum-eko zuzendari Patty Miller eda Nevada-Reno Unibertsitateko irakasle ohi Gloria Totoricaguena.

John Wilson, Manuelen loba eta Dolores Totoricaguenaren senarra, jendaurreratu zen ekitaldian, sendiaren izenean Crapo senatariari eskerrak emateko. Horrekin batera, Aldecoa familiak txeke bat eskaini zion WarHawk museoari, bertan geratuko diren dominak babestuko dituen beirate bat erosteko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo eta Kanpo Sustapeneko zuzendari Gabino Martinez de Arenazak esan dio EuskalKultura.com-i “oso zirraragarria” izan zela omenaldia. “Euskaldun jatorriko pertsona bat horrenbeste dominekin omendua izatea denontzako ohorea da; eskertu egin behar diogu hori AEBetako gobernuari”.

Delphine Aldecoa: “Gaur egungo gazteek jakin behar dute zer gertatu zen eta zer errepika daitekeen”

Omenaldian izan ziren Manuelen arrebarik gazteenaren iritziz, gaur egungo gazteei “ez zaizkie kontu hauek gehiegi axola. Baina jakin behar dute zer gertatu zen eta zer errepika daitekeen”. Horregatik uste du Delphinek garrantzitsua dela istorio hauek “gaurkotasunezko bihurtzea”.

Delphinek bera ere marka ederra lortutako pertsona da: Aire-Zirkulazio Kontrolgune bateko buru izatera heldutako AEBetako historiako bigarren emakumea izan zen. Bidean, baina, gainontzeko lankideek baino traba gehiago izan zituen, matxismoa tarteko: “Ez zen batere erraza izan, espero dut gaurko emakumeek errazagoa izatea lan mundurako sarrera”, diosku.

Emakume profesional gazteei zer aholku emango liekeen galdetuta, “asko ikasi eta gogor lan egitea”, dio. “Lanpostu batera heltzen zarenean, ikasi, jakin eta erakutsi, hori da egin behar dena. Zaila izango da, baina onartuko zaituzte beraiek beste, edo gehiago, dakizula ikusten dutenean”, bukatzen du.

* KTVB kateak egindako bideoa ikusteko sakatu hemen



Komentarioak

  • Sekula ez da berandu

    Tardatu dute baina eman diote, zorionak familia eta laguneri

    Jon, 2015/04/11 18:39

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia