euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Zazpi aldiz elur" antzezlanak Mikel Laboaren musikaz beteko du Castelló-ko Jaume I Unibertsitateko Paraninfoa

2015/04/24

"Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan)" antzezlana (argazkia Tanttaka)
"Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan)" antzezlana (argazkia Tanttaka)

PUBLIZITATEA

Tanttaka konpainiak "Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan)" antzezlana aurkeztuko du gaur Castelló-ko Jaume Igoa Unibertsitatean. Lan honetan Mikel Laboa euskal kantari eta musikari mitikoaren abestiak, ideiak eta ondarea dira ardatz, Bernardo Atxagaren gidoiarekin. Mireia Gabilondo da zuzendaria.

Castelló, Espainia. Gaur arratsaldean "Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan)" antzezlana aurkeztuko du Tanttaka konpainiak Jaume I Unibertsitateko Paraninfoan. Laboaren musikak beteko du aretoa, Tanttakak prestatu duen muntaia sinple baina poetikoarekin. Elurte batek kaleak txuriz janzten dituenean bezala, isiltasun eta lasaitasun une magikoan murgilduko dira ikusleak, Laboaren kantu mitikoak gidari.

Kantari donostiarra euskal kantagintzako ahotsik garrantzitsuenetako bat izan zen eta berak kantatutako abesti asko mitiko bihurtu dira bere ahotan, esaterako, "Txoria txori", "Baga, biga, higa" edo"Izarren hautsa".

Antzezlana Mireia Gabilondo zuzendariaren eta Laboaren arteko adiskidetasunetik jaio da, haien arteko solasaldiak oinarri. Gidoiaren egilea Bernardo Atxaga idazlea da, hau ere Laboaren laguna, eta hari egin zizkion hainbat elkarrizketa erabili ditu lan hau sortzeko. Musika ikuskizunaren parte garrantzitsua da eta Maria Berasate kantari donostiarrak abesten ditu Laboaren eta beste zenbaiten abestiak, Iñaki Salvador pianojolearen eta Angel Unzu gitarrajolearen laguntzarekin. Iñaki Ricarte eta Mireia Gabilondo dira aktoreak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia