euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetako euskaldunentzat: Zatoz "au pair" bezala Euskal Herria ezagutu eta euskara praktikatzera

2013/05/09

Gasteizko Andra Mariaren plaza (argazkia: Carmen Martín)
Gasteizko Andra Mariaren plaza (argazkia: Carmen Martín)

PUBLIZITATEA

Deia ingelesa mintzo duten Diasporako euskaldunentzat da. "Au pair" bezala aritzea beti da esperientzia aberasgarria: haurrekin lanean trebetasunak garatzeaz gain, tokiko pertsonak, hizkuntza eta kultura ezagutzeko bide aparta da. Gasteizko familia euskaldun bat Diasporako "au pair" baten bila dabil, sei eta zortzi urteko bi neska-mutiko zaintzeko; delako pertsonak ingelesez egin beharko lieke haurrei, eta familiarekin euskara edo gaztelania ere ikas/praktikatuko luke. Aukera bat izan daiteke Euskal Herria ezagutu eta euskararekin aurrera egiteko.

Vitoria-Gasteiz. Lan eskaintza polita izan daiteke gure irakurle gazte eta ez hain gazteentzat: Ekaina hasieratik aurrera, au pair bezala lan egiteko aukera Gasteizko familia euskaldun batekin, euskara ikasi edota trebatzeko. Uda Lekeition (Bizkaia) pasako luke familiarekin eta, irailean, haurrak eskolara hastean, Gasteizera bueltatuko. Beraz, Euskal Herriko hainbat txoko eta bizimodu (kosta eta barnealdea) ezagutzeko aukera izango luke. Uda, Lekeition, proba garaia izan daiteke eta, hala adostu ezkero, ikasturtean ere segi, Gasteizen.

Zer bilatzen dute?

Estatu Batuetako edo ingelesa hitz egiten den beste herrialderen bateko pertsona baten bila ari dira, umeekin ingelesez egingo duen pertsona baten bila, familiak pertsonari euskara praktikatzen/ikasten lagunduko liokeelarik. 18 urtetik gorako pertsona izan behar du, eskarmentuduna umeak zaintzen. Familiak pertsona dinamiko eta jakinguratsua bilatzen du, gaztea zein helduxeagoa.

Zertan datza lana?

Sei urteko neskatoa eta zortzi urteko mutikoa zaintzeko lana da: udan haiek zaintzea eta ikasturtean zehar, haurrak ikastolatik jasotzea (egunean ordubete edo). Asteburuak, libre. Trukean, ostatua eta janaria izango du etxean (gela bat berarentzako) eta astean 70 euroko ordainsaria, gastuetarako. 

Pertsona hau familiako kide bat bezala tratatuko dute, eta udan beraiekien joango da oporretara Lekeitiora. Udan zehar Euskal Herriko bazterrak ezagutu ahal izango ditu familiarekin, eguneko txangoak eginez. 

Aurretik ere au pair pare bat izan ditu sendiak eta esperientziarekin oso kontentu agertu dira. Aurrekoek, baina, ez zekiten euskaraz eta, familia euskalduna denez, euskara ikasi nahi duen norbait ekarri nahi dute oraingoan, horrela etxean euskaraz jardun ahal izateko eta, bide batez, pertsona horri euskara ikasten laguntzeko.

Informazio gehiago eskatzeko edo hautagaitza aurkezteko, idatzi Miren Tereri helbide honetara: mtbedia1@hotmail.com

Zerorri interesatuta ez bazaude, baliteke zure inguruan beste inor egotea: pasa ezazu informazioa, norbaitentzat aukera polita izan baitaiteke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia