Zatoz Euskal Diasporaren Eguna Donostian ospatzera, Unanue Zar baserri historikoa ezagutzen duzula
2018/08/31
Irailean Donostian hotel gisa zabalduko den Unanue Zar baserri historikoan deitu du EuskalKultura.com-ek Euskal Diasporaren Eguna ospatzera
PUBLIZITATEA
Irailaren 8an gure diasporaren eta diasporako euskaldunen lana, errealitatea eta izatea bera ospatu eta aldarrikatzeko bilduko gara Euskal Diasporaren Egunean. Munduko hainbat euskal etxetan izango dira elkarretaratzeak. Euskal Herrian, ekitaldi instituzionala Gasteizen izango da; eta Donostian, EuskalKultura.com-ek antolatutako ekitaldian bilduko gara. Diaspora lokarri, egun goxoa pasatuko dugu Diasporako euskaldunok, eta Diasporako euskaldunen lagunok. Animatu eta zatoz eguna gurekin disfrutatzera!
Donostia, Gipuzkoa. Ekitaldira guztiak daude gonbidatuta: Diasporan jaiota euskalerriratu eta egun hemen bizi direnak; eta han bizi eta egun hauetan hemen oporretan daudenak; baina ororen buru han edo hemen jaioak Diaspora hurbil sentitzen duten eta Diasporaren lagun diren guztiak.
Zein den plana? Eguerditik aurrera, zintzur bustitzea edo aperitifa izango da, jendea pixkanaka etortzen hasiko da eta iritsi ahala bakoitzari etiketa bat emango zaio kolkoan ezar dezan bere izena eta nondik datorren adierazita, esaterako "Mary Etcheverry, San Frantzisko, AEB", "Martin Larralde, Buenos Aires, Argentina" edo "Arantxa Arrieta, Donostia". Eguraldia lagun badugu, aire librean, Añorgako Unanue baserri historikoaren kanpoaldean, berdegunez eta naturaz inguratuta.
Helburua, mintzateko eta solas egiteko aukera ematea jarri dugu, bertaratuko diren munduko euskal diasporetako kideen artean eta bilerako partaide guztien artean. Euskaldunok mahai baten inguruan bildu eta sozializatzen dugu eta, beraz, elkarrekin bazkaldu dugu, Sharma Catering zerbitzari. Diasporako musika ere ez da faltako eta Argentinatik bereziki etorrita Maral taldeko Mariana Dominé Irigoyen eta bere ahots ederra izango ditugu gurekin, eta baita ere, helburua zubilana egitea izanik, Oiartzungo Gorka Zabaleta kantaria, Diasporako kantu batzuekin. Diasporako opariak eta zozketak ere izango dira. Eta talde-argazki bat aterako dugu.
Mariana Dominé Irigoyen-ek Donostiako elkarretaratzean kantatuko dui (irudia Sabrina Otegui-EuskalKultura.com)
Baita Gorka Zabaleta kantari oiartzuarrak ere (irudia Benoit Etcheverry-Euskosare)
Erakusketa bat ere egongo da ikusgai, "Euskal Diasporako kartelak" izenburupean, munduko euskal etxe eta komunitateetako hogei bat afixa bildu eta erakutsita, lekukotasun bat eman eta kolore apur bat ekartzeko asmoz.
Bazkariaren prezioa, 30 euro, haurrak prezio apalean. Bazkaltzeko lekuak mugatuak dira: beraz, aurretik beharko da erreserbatu, txartelak agortu edo bukatu arte. Nola erreserbatu? Internetez, info@euskalkultura.com helbidera idatzita, izenburuan "Euskal Diasporaren Eguna" jarrita eta agertuz zuen izenak, zenbat zareten (zenbat heldu eta zenbat haur) eta kontaktu zenbaki bat; erreserba telefonoz ere egin daiteke, +34 607 623088ra deituta.
Eta Donostian, non? 'Heredad de Unanue' hotel berrian. Baserri historikoa, hiriko zaharrenetakoa da 'Unanue-Zar' baserria eta irail honetan, zaharberrituta, hotel gisa zabalduko da, 'Diasporaren hotel' gisa, bere dekorazioa Diasporari lotua egongo baita, eta zubilana egin nahi baitu Diasporako eta Euskal Herriko euskaldunen artean.
Animatu, izena eman eta lagunak edo familia bilduta badakizu nora etor zaitezkeen egun goxo bat pasatzera, Donostiako bihotz berdearen erdira, historiaz eta naturaz inguratuta Euskal Diasporaren Eguna ospatzera!
Zoritxarrez ezin izango dut joan diasporaren eguneko festara bainan asko interesatzen zait proiektua eta lekua ezagutzea. Deituko dizuet orrialdean daukazuen zenbakira edo nahi baduzue idatzidazue email bat