euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zarautz Abesbatzak bi kontzertu emango ditu Buenos Airesen, Laurak Bat Zentroan eta San Frantzisko Basilikan

2008/03/12

Zarautz Abesbatza osatzen duten kideak
Zarautz Abesbatza osatzen duten kideak

PUBLIZITATEA

Bere sorreraren 25. urteurrena ospatzeko, Zarautz Abesbatzako kideak larunbatean abiatuko dira Argentinarantz, Buenos Airesen bi kontzertu emateko. Lehena, martxoaren 18an, argentinar hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxean eskainiko dute eta bigarrena, martxoaren 19an, San Frantzisko Basilikan. Bi emanaldi horietan batez ere euskal folkloreko kantak kantatuko dituzte, baina ez dute folklore argentinarra ahaztuko. Nahiz eta baieztatzeke egon, hirugarren kontzertu bat emateko aukera ere eduki dezaketela adierazi dute abesbatzatik.
2003an 20. urteurrena ospatzeko Suitzara abiatu ziren moduan, aurten, 25. urteurrena ospatzeko, Zarautz Abesbatzako kideak Argentinara abiatuko dira, Buenos Airesen bi kontzertu emateko. Argentinar hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxeko kontzertua, martxoaren 18an, 19:30etan izango da eta biharamunean San Frantzisko Basilikan arituko dira. Espedizioa 54 pertsonek osatuko dute: abesbatzako 34 kantariez gain, laguntzaileak eta pianista batek osatuko dute taldea. Itzulera data hilaren 29a izango da eta denbora tarte horretan zenbait toki bisitatuko dituzte: 20an Ushuaiara abiatuko dira bi egunez; Calafaten beste hiru egun igaroko dituzte; 2 egunez Iguazun egongo dira, berriz ere Buenos Airesera itzultzeko.

Eskainiko dituzten kontzertuetan batez ere euskal folkloreko kantak kantatuko dituzte, tartean Ikusten duzu goizean, Oi laborari gaixua, Hiru euskal kanta, Ama begira zazu, Herri miñez, Herribera, Jai Alai, Boga Boga, Mendizaleak, Alegeratzen, Ilun nabarra, Txori Urretxindorra... Dena den, abesbatzako kideek adierazten dutenez, 'argentinar folklorea ez dugu ahaztuko eta Cindy, Huayno, Te quiero edo Prohibido prohibir bezalako kanta batzuk ere kantatuko ditugu'. Proiektuei dagokienez, uztailean Zarauzko polikiroldegian emanaldia eskainiko dute beste zenbait musika talderekin, guztira ehun bat pertsona bilduz. Santa Zezilia inguruan ere musika bandarekin kontzertua eskainiko dute.

25 urte arrakastatsu

Zarautz Abesbatzak 1983. urtean ekin zion bere musika ibilaldiari Joakin Iruretagoienaren zuzendaritzapean. 1996. urtean Jaione Eskuderok hartu zuen ardura hori. Harrez gero egin duen bide luzean zehar, hainbat agerraldi gauzatu ditu abesbatzak, bai Euskal Herrian, baita kanpoan ere: Bartzelona, Madril, Ourense, Sevilla, Huelva, eta Alemania, Israel eta Italiako zenbait hiritan ere abestu izan du. 2003ko udan Genevan Musikaren Nazioarteko Egunean kontzertu bat eskaini zuen, baita Nazio Batuen Erakundean "Platero" olerki eta ipuin sarien banaketa ekitaldian ere. Gaur egun, adin-tarteen araberako taldeak biltzen ditu abesbatzak bere barnean: Txinpirin Zarautz Abesbatza (7 urtetatik 9 urte bitartera), Zarautz Txiki Abesbatza eta Zarautz Gazte Abesbatza (15 urtetatik 20 urte bitartera).

Koralak lortu dituen sariei dagokionez, batez ere, 1989an, "Villa de Avilés" nazioarteko VI Abesbatza Lehiaketan lortu zuen lehen saria azpimarratu beharra dago. Lehiaketa honen XX. ekitaldian, 2003an Avilés-eko Abesbatzaren mendeurrena zela-eta, saritua izan zen gonbidatutako beste Abesbatzekin batera. 1997an Zumarragako "Antigua Abesbatza"-ko I Abesbatzen Lehiaketan partaide izan zen. Urte berean, Autol-eko X. Abesbatza Jaialdian parte hartu zuen. 2000ean Arrigorriagako II. Abesbatzen lehiaketan entzulegoaren goraipamenak jaso zituen.


Lotura interesgarriak

Zarautz Abesbatzari buruzko informazio gehiago
Zarautz Abesbatza

Landarbaso korala AEBtara joango da hil bukaeran
2007ko ekainaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

Anaiki koral paristarrak 20 urte bete ditu
2007ko abenduaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Lau euskal etxeetako koruak Tandileko V. Abesbatz Topaketan
2007ko azaroaren 17an EuskalKultura.com-en argitara emana

Buenos Aireseko Alkartasuna koruak 15 urte bete ditu
2007ko urriaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia