euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zahato erraldoidun karroza bat Euskal Etxearen ordezkari Ayacuchon, 44. Txahalaren Festako kabalkadan

2016/03/17

Euskal Odola Euskal Etxearen karroza Ayacuchoko 44. Txahalaren Festaren desfilean
Euskal Odola Euskal Etxearen karroza Ayacuchoko 44. Txahalaren Festaren desfilean

PUBLIZITATEA

Partaidetza nabaria izan du aurten ere Euskal Odola Euskal Etxeak Ayacuchoko Txahalaren Festa Nazionalean, Buenos Aires probintzia argentinar barrualdean. Alde batetik, euskal elkartea Festako Erregina izateko hautagaien aurkezpenaren egoitza izan zen. Bestetik, euskal ohiko irudi batzuk ekarri zituen landa eta nekazal alorreko tradizioen inguruan antolatzen den festa oihartzuntsu honen desfilera: ardo zahato erraldoi bat eta dantzariek osatutako karroza. Ikus argazki galeria.

 

Ayacucho, Argentina. Martxoaren 6tik 13ra izan da Buenos Aires probintziako Ayacuchon Txahalaren Festa Nazionalaren 44. edizioa. Argentinako zelai eta landaguneetako tradizioak babestu eta berreskuratzeko asmoa duen jaiak mota askotako ikuskizunak eskaini zizkion publikoari: zaldien heziera erakustaldiak, musika eta dantza errezitalak eta urtero eta herrian zehar egiten den kabalkada.

Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxeko kideek ezohiko diseinu bat aurkeztu zuten edizioro festara publiko gehien biltzen duen kabalkadara. Euskal Etxeko karrozak, dantzariak eta erregina izateko erakundeko hautagaia ez ezik, zahato erraldoi bat eraman zuen Ayacuchoko kaleetan zehar. Askoren ustetan, kabalkadako proposamen originaleenetako bat, Las Tres Zeta enpresa zahatogile nafar ospetsuak ehun urte betetzen ari den urtean gainera.

Topaketa folklorikoa

Programa ofiziala martxoaren 6tik 13ra luzatu zen arren, prestaketak lehenago hasi ziren herrian zein Euskal Etxean. Izan ere, martxoaren 4an Topaketa Folklorikoa egin zen euskal gizataldearen egoitzan 2016ko jaiko erregin-hautagaiak aurkezteko.

Topaketa honen baitan, herriko hainbat artista aritu ziren dantzari eta kantari: besteak beste Matias Pessi, Carlos Sferra eta Laurencena Hirukotea, Juventud Unida Klubeko taldea, El Encuentro taldea eta Maria Eva Diaz –Ayacucho, Morada del alma olerkiaren bere bertsioarekin–, kutsu herrikoia jarriz elkarretaratzeari.

Topaketa ordu txikiak arte luzatu zen eta Txahalaren Festa Nazionaleko Batzordeko presidentea den Pedro Ilarreguik esker beroak luzatu zizkien bildutakoei, bereziki Euskal Etxeko kideei ekitaldiaren arrakastaren alde egindako lanagatik.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia