Donostia-San Sebastián. Kirol Diplomaziari buruzko Mundu Kongresua egingo da ekainaren 28 eta 29an Donostian EHUren Udako Ikastaroen baitan, Donostia Kulturarekin batera Gipuzkoako Foru Aldundia (Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Saila) eta Eusko Jaurlaritza antolatzaile, Sports Diplomacy Alliance erakundea partaide. “Kirol diplomaziaren erronkak eta aukerak XXI. mendean” lelopean, aditu eta profesional nabarmenek emango dituzte eskolak, eta aurrez aurre edo online jarraitu ahal izango dira.
Programa anitz batek gaiari buruzko begirada integrala proposatuko du: kirol-diplomaziaren kontzeptuari buruzko hurbilketa teoriko batetik hasita, kirol-diplomaziako politiken eredu arrakastatsu eta finkatuak erakutsiko dira, hala nola AEBkoa, eta baita Eskozia, Gales, Mazedonia eta Zeelanda Berriko kasuak ere. Kontzeptuaren negozio-dimentsioaz gain, kontzeptuaren azpian dauden nortasun eta balio-dimentsioak ere aztertuko dira. Kirolak herrialde-markako tresna gisa duen balioa ere landuko da. Esate baterako, mendizaletasuna (naturarekin lotura handia duten beste kirol batzuekin batera), kirol autoktonoak, estropadak, herri kirolak, etab.
Begirada globala Euskaditik
Proposamen honek 2021ean EHUn Diplomazia Publikoari/Kultura Diplomaziari buruzko Nazioarteko Ikastaroa amaitzean planteatutako helburuetako bat betetzen du: bi urtean behin nazioarteko kongresu bat egitea, kongresu hartan ezarritako helburuekin jarraitzeko. 2022an bi webinar egin ziren, diplomazia publikoaren berezitasunetako bi aztertuz: gastrodiplomazia eta kirol-diplomazia. Azken hau oso arrakastatsua izan zenez, eta kirol-diplomazia gaur egun oso tresna baliagarria dela ulertzen denez, uda honetan sakonki eta ikuspegi integral batetik aztertzea proposatzen da oraingoan.
25 urteko gazteek 25 euro ordainduko dituzte maiatzaren 31 baino lehen izena ematen badute.