Donostia-San Sebastian. Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, Boiseko Modern Hotel-ek Jaialdiri omenaldi txikia egin nahi izan dio aurtengo 39 Rooms Film Festival zinemaldiaren programazioan. Urtero antolatzen du hotelak zinemaldi hau eta aurten euskal film laburren erakustaldi bat egingo dute, Jaialdi aitzaki hartuta. Ekitaldia ez da Jaialdi 2015eko programazioaren parte, baina argi erakusten du euskal festak Idahoko hiriburuan duen itzala.
"39 Rooms" zinemaldiko Euskal Film Erakustaldian parte hartzeko film laburrak bidaltzeko epea zabalik dago uztail hasiera arte.Esteka honen bitartez eman daiteke izena (Kodea: NU4EI8W), eta hizkuntza guztietako lanak onartuko dira, beti ere ingelesezko azpitituluekin.
Antolatzaileek jasotzen dituzten filmen artean aukeraketa bat egingo dute eta, ondoren, jasotzen diren euskal film guztiak 39 Rooms Film Festival zinemaldiko azken programarako kontuan hartuko dira, zuzendariek hala nahi izanez gero. Filmak berriak badira, Sun Valley Film Festivalerako ere kontuan hartuak izan daitezke.
Euskal festari dagokionez, gogoratu Jaialdi 1987an jaio zela, euskal kultura munduan zehar sustatzeko asmoz. 30 urte geroago, mundu osoan zehar egiten den euskal jaialdi handienetakoa da, eta egitarau zabala eskaintzen du. Aurten uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean luzatuko da.
Jarraitu Jaialdi Facebooken.