Chivilcoy, Argentina. Chivilcoyko 'Beti Aurrera' Euskal Etxeak eta hiri bereko Argentinako Idazleen Elkarteak (SADE) batera antolatutako "El Árbol de Guernica" poesia lehiaketan parte hartzeko oinarriak jakinarazi dituzte. Aurtengoa hamahirugarren edizioa da, eta 18 urtetik gorako pertsonak gonbidatzen ditu aurkeztera gaztelaniaz idatzitako lan argitaragabeak, poema edo prosa poetikoa izan. Testua ez da A4ko orrialde bat baino luzeagoa izango eta, gaiari dagokionez, librea izango da, baina Euskal Herriarekin zerikusia duena.
Testuaren egiturari dagokionez, librea edo errimaduna izan daiteke. Oinarriek ohartarazten dute epaimahaiak kontuan hartuko dituela erritmoaren azentuazioa, sormena eta baliabide literarioak. Garatu beharreko gaien artean, iradokitzen dira, esaterako: Euskal Aberriari lotutako gertaera historikoak, ohiturak, kultura, paisaiak, bidaiak, familiako bizipenak... Epaimahaia literaturan jardunbide handiko hirukote batek osatuko du eta euren izenak lanak aurkezteko epea amaitutakoan jakinaraziko dira.
Irailaren 7ra arte
Lanak aurkezteko epea 2024ko irailaren 7an amaituko da. Egun horretatik aurrera, gehienez ere 30 eguneko epean jakinaraziko dira irabazleen izenak, baita sariak banatzeko ekitaldia noiz egingo den ere, beti ere Beti Aurrera Euskal Etxearen areto nagusian. Lehenengo posturako saria plaketa bat izango da. Bigarren eta hirugarren postuetarako, domina bat eta aukeratutako lanen egileek diploma bana jasoko dute.
Lehiaketaren oinarri osoak hemen kontsulta daitezke. Eta, informazio gehiago nahi izanez gero, Whatsapp bidez 02346-482185 zenbakira idatzitako mezuak bidal daitezke.