euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zabalik atzerriko unibertsitate eta goi-mailako zentroetan euskara edo euskal kultura irakasteko ikastarorako epea

2024/06/25

Ikastaroa urriaren 4tik azaroaren 30era egingo da Donostian
Ikastaroa urriaren 4tik azaroaren 30era egingo da Donostian

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Atzerriko goi-mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa antolatu dute beste behin Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak. Ikastaroa urriaren 4tik azaroaren 30era burutuko da ostiral eta larunbatetan, EHUko Donostiako Campuseko Elbira Zipitria eraikinean (Ondarreta pasealekua 18), Etxepare Euskal Institutuak ohar baten bidez zabaldu duenez.

Giza eta Gizarte Zientzietako goi-mailako graduatuei eta lizentziadunei bideratutako ikastaro honen helburua euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea da, edo lan horretarako prestatzea Institutuarekin dituzten lankidetzen bidetik, antzeko lanpostuak bete nahi dituzten lizentziadun edo graduatuak.

Ikastaro honen garrantzi akademikoa bi lan-ildotan oinarritzen da:

  • Identifikatzea euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan behar diren bide didaktiko eta metodologikoak atzerriko unibertsitateetan irakasteko.
  • Ezagutzea ikasgelan eraginkortasunez jarduteko behar diren tresnak.

Euskal Ikasketen didaktika hainbat ikuspegitatik aztertuko da, eta metodologiak, tresnak eta baliabideak eskuratuko dira atzerrian euskara eta euskal kultura irakasteko. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntzalaritza, didaktika, metodologia, kultura (musika, literatura, zinema…) eta zibilizazioa ardatz hartuta. Xehetasunak ikastaroaren programan kontsulta daitezke.

Matrikula online egin ahal izango da ekainaren 17tik irailaren 19ra (biak barne). Irailaren 24an onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko da, finkatutako lehentasunen arabera antolatuta. Onartutakoek irailaren 24tik 30era arteko epea izango dute matrikulazioa egiteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia