Buenos Aires, Argentina. Datorren negu australak (Euskal Herrian uda) aukera emango die Hego Konoko euskaltzaleei euren euskara maila Buenos Aires Hirian egiaztatzeko. Azterketak uztailaren 20 eta 21eko asteburuan egingo dira eta B1, B2 eta C1 mailak egiaztatzeko aukera izango da. Datorren astean amaituko da azterketetan izena emateko epea. Euskara Munduan programaren arduradun Jose Francisco “Kinku” Zinkunegi izango da bertan eta azterketez arduratuko da Argentina bertako aztertzaile talde batekin batera.
Azterketa egin ahal izateko, beharrezkoa da matrikula eta 80 euroko ordainketa behar bezala gauzatzea. Izen ematea apirilaren 9ra arte egin daiteke, HABEren webgunearen bitartez. Horrez gain, baldintza da 16 urte beteta izatea edo matrikula egiten den urte naturalean betetzea. Idatzizko irakurmen- eta idazmen-probak batera egingo dira, egun berean. Argentinako hiriburuaren kasuan, biharamunean batera egingo dira baita ere entzumen- eta mintzamen-probak. Emaitzak aurtengo abenduaren 16an argitaratuko dira.
Toki guztietako deialdien egutegia ikusteko eta informazio gehiago lortzeko, egin klik hemen.