Boise/Bakersfield, AEB. Boisen aurretik Modern Hotela gobernatu zuen Benito Ysursa emigrante iurretarrak hiriburu idahotarrean Valencia euskal ostatua bilaka zedin 1940an eraikitako eraikina, hiriaren egungo erdi-erdigunean, Udaletxe ondoan, obretan sartuko da, bere barruan jatetxe bat (goiko partean) eta joko-areto bat (behekoan) ireki ahal izateko. Barclay Group da gaur egun bertako jabe eta lekua hutsik egon da, aurreko beste plan batzuk desegin ondotik pandemiaren karietara.
Urteetan zehar, beste euskal negozio batzuk ere egon dira leku berean Valencia emigraziorik ezagatik itxi ondoren, hala nola Jesus Alcelay-ren Oñate jatetxea, eta baita Old Basque Inn ere, azken hau Oregoneko Jordan Valleyko izen berekotik ekarrita. Eraikina euskal ostatu izateko eraiki bazuten ere, ezer gutxi geratzen gaur egun bere iragan euskaldunaz, bertako jendearen memorian eta plakaren batean ez bada.
Benito Ysursa Iurretako Iturburu baserrian jaio zen 1895ean, eta 1915ean emigratu zuen Boisera. Bertan ezagutu zuen Asuncion Camporredondo, Trapagaranen jaioa, eta 1919an ezkondu ziren. 1920an Ramón (Ray) semea jaio zen eta 1924an Evangelina (Ruby) alaba. Ramon Ysursak bere gurasoen txanda hartuko zuen Valencian, euskal ostatu gisa itxi zen arte. Bestalde, duela gutxi hil zen Boisen Benedicto Goitiandia Lecona aulestiarra, denbora batez Valencia korritu zuena.
Bakersfieldeko Noriega's ostiral honetan zabalduko
Bestalde, Bakersfielden, gogoratuko dugu duela urtebete itxi zutela behin betiko Noriega euskal ostatu historiko ospetsua, AEB Mendebaldeko euskal historian eta Bakersfield hirikoan ere berezko lekua duena. Ezin izan zien aurre egin bere kontrako faktore guztiei, ofizialki pandemiak eta konfinamenduak itxiarazi bazuten ere. Orain, Noriega's berria datorren ostiralean, ekainaren 18an, zabalduko dute, 4809an Stockdale Highway helbidean, jabe berriekin,
Noriega zaharrari segida moduko bat eman nahirik-edo. Askok sentitzen dute haren hutsunea, maiatzaren hondarrean behar zuten Bakersfield-eko Euskal Besten sasoian, Kern County Basque Club antolatzaile. Kantinan eta Noriegako pilota plazan sortzen zen giroa ez dira aise errepikagarriak, baina saiatuko omen dira. Irekiera iragartzeko afixean, hasteko, ez da 'Basque' aipamenik ere egiten, aurreko Noriegak bereizieziezineko ezaugarri bazuen ere. "Traditional Basque family-style food" zerbitzatzen dutela diote beste nonbait.