euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xavier Inchausti bibolinjole gazteak --17 urte baino ez ditu-- Ukrania, Taiwan, Suitza eta Italian joko du aurten

2008/01/25

Xavier Inchausti bibolinjolea, Buenos Airesen eman zuen kontzertu batean (argazkia MOGomez)
Xavier Inchausti bibolinjolea, Buenos Airesen eman zuen kontzertu batean (argazkia MOGomez)

PUBLIZITATEA

Hamabi urterekin Buenos Aireseko Colon Antzoki famatuan profesionalen gar eta lasaitasunarekin jo zuenetik Xavier Inchausti bibolinjole euskal argentinarraren ibilbidea distiratsua izan da eta etorkizuneko bibolinjoleen artean izarra izateko bidean omen dabil, adituen esanetan. Bahia Blancan jaioa da Xavier, eta familia sustraiak Bizkaian eta Nafarroan ditu. Xavierrek erronka garrantzitsuak izango ditu aurten, horien artean hainbat kontzertu Ukrainan, Taiwanen, Suitzan eta Italian. Proiektuen artean, musikari gazteak Pablo Sarasate musikagile iruindarraren lana Euskal Herrian bertan jotzeko gogoa aipatzen du.
Xavier Inchausti bibolinjole bahiatar gaztea diziplina gogor honetan Argentinan dagoen izar berri distiratsuena da eta emeki-emeki nazioarteko ibilbide interesgarria ere ari da osatzen. Hamazazpi urte baino ez ditu, baina dagoeneko Paganiniren 24 Kapritxoak osotasunean emanaldi batean eskaini dituen lehen bibolinjole argentinarra da eta nazioarteko maisu handien atentzioa bereganatu du.

Maisu horietako bat Shlomo Mintz israeldarra izan da. Mintz-ek Israelen Master Course ikastaro batera gonbidatu zuen Xavier iaz, munduko beste 40 bibolinjole gazteekin batera (Japonia, Korea, Estatu Batuak, Errusia, Alemania eta Suitzakoak, besteak beste). Horien artean bost ikasle aukeratu zituen berarekin zuzenean trebatzeko. Xavier izan zen horietako bat eta lasaitasunez hartu zuen erronka. Izan ere, txikitandik ohituta dago Xavier publikoaren aurrean bakarrik agertzen. Aurten inoiz baino bidaia gehiago egingo ditu: otsailaren 16an Ukrainan izango da, Kieveko Filarmonikarekin Shostakovichen 1. Kontzertua eskaintzeko, Pablo Boggiano zuzendariaren gidaritzapena. Ondoren, Taiwanen, Suitzan, Italian, Bosnian, eta noski, Argentinan egingo ditu emanaldiak.

'Jendaurrean bakarrik jotzea naturala da niretzako'

Txikitandik erakutsi zuen Xavierrek bibolinarekiko zaletasuna (teniseko paleta bibolina balitz bezala jartzen omen zuen bekokian, amaren esanetan), baina pianoarekin hasi zituen instrumentu ikasketak. Geroago, 'pianoarekin adierazi ezin nituen gauzak bazeudela sentitzen nuen eta bibolinarengatik aldatu nuen', azaltzen dio musikariak EuskalKultura.com-i. 'Egia esan umea nintzenetik bibolinjoleen atzetik ibiltzen nintzen beti'. Hain gaztea izanda hainbeste kontzertu eskaintzeak suposatzen duen presioari buruz, arazorik ez duela dio Xavierrek, berarentzat 'gauza naturala delako entzuleen aurrean jotzea'. 'Denbora asko daramat kontzertuak eskaintzen eta ohituta nago', dio.

[Xavier Inchausti, zutik, solista gisa kontzertu bat eskaintzen]

Bere hurrengo hitzorduak, bakarrik egin beharko dituen lehenengo bidaiak izango dira, orain arte bidaia gehienetan gurasoak --César Inchausti, pianojolea, eta Graciela Nora Maizterrena-- izan baititu alboan. Xavierrek familiarekin Euskal Herrira egin zituen bi bidaien oroitzapen berezia gordetzen du, aitaren eta amaren familien sorterriak ezagutu zituztelako: Arratzu, Bizkaian, eta Etxalar, Nafarroan.

Sustraiak sakon Euskal Herrian

1996an izan lehen bidaia, familia Bahía Blancako Orkestra Sinfonikoarekin joan zen Europara eta kontzertuak bukatuta Euskal Herrira hurbildu ziren aiton-amonen herriak ezagutzeko asmoz. 'Lehendabizi Gernikara joan ginen eta taberna batera galdetzera sartu ginenean emozioa hain zen sakona ia-ia mutu gelditu ginela...', gogoratzen du Cesarrek. 'Arratzura heltzean, Zubiate baserrira joan ginen, nire aitona Candido Pastor Inchausti Elordieta bizi izan zen lekura. Bertakoek oso adeitsu hartu gintuzten, baina harrituta. Gero, familiaren istorioak kontatu ahala harreman oso berezia sortu zen eta, azkenean ez ziguten alde egiten utzi nahi!', gogoratzen du.

[Inchausti familia Arratzuko Zubiate baserriaren parean: ezkerretik eskubira Jesus, Graciela eta Cesar, Aquilina eta behean makurtuta Xavier etxeko txakurrarekin]

Zubiateko egonaldia famili bilkura handia bihurtu zen. Bertan Jesus Otazua Elordieta eta bere emaztea, Aquilina, ezagutzeko parada izan zuten. Euren lau alabak ere ezagutu zituzten, denak ezkonduak eta seme-alabekin. 'Garaipen, Itxaropen, Zorione eta Jaione dira. Beraiekin egun zoragarriak pasa genituen. Xavier mendira joaten zen Jesusekin, ahuntzak bazkatzera. Orduan bost urte baino ez zituen Xavierrek', kontatzen du Gracielak.

[Xavier, Jesusekin, baserriko lanetan laguntzen zionean]

Etxalarren ere egonaldia

Bidaia honetan egin zuten beste bisita Etxalarrera izan zen, Xavierren amaren familiaren sorterrira. 'Arrinea baserria ezagutzera joan ginen, bertan bizi izan zirelako Gracielaren aiton-amonak', azaltzen du Cesarrek. 'Gaur egun, bertan Pakita Arrechea Sanzberro eta Gorka bere semea bizi dira, honen emazte eta bi semeekin. Eurekin ere familiaren kontu zaharrak kontatzen ibili ginen'. Euskal familia ezagutzea esperientzia oso hunkigarria izan zen Inchausti Maizterrena sendiarentzat eta gaurdaino bizirik mantentzen den bi aldeon arteko harreman oso estua sortu da.

[Xavier eta Graciela, ama, Etxalarren 1996ean, Gracielaren familiaren sorterrian]

'Europara bueltatzeko bigarren aukera bat izan genuen 1999an', jarraitzen du Gracielak. 'Gernikara bueltatu ginen eta oraingoan Arratzuko baserrian denbora gehiago gelditu ginen. Lekeition izan ginen, eta bertan Bilboko Orkesta Sinfonikoaren kontzertua entzun genuen. Gernikan Cesarrek Santa Maria elizan organu kontzertua eskaini zuen. Xavierrentzat bertako Jesus eta Aquilina bere aiton-amonak bezala dira. Eurek badakite Xavierrek egunen batean Europara ikastera joan beharko duela eta pozik daude berriz ikusiko dutelako. Internet bidez jarraitzen dute bere ibilbidea eta harro daude oso'.

Euskal Herrian kontzertuak eskaintzeko gogoz

Xavierrek ikasten jarraitzeko asmoa azpimarratzen du --uztailean eta abuztuan berriz ere Israeleko Master Coursen parte hartzera gonbidatu dute-- eta baita Euskal Herrian emanaldiren bat eskaintzekoa ere. Familiaren aldetik datorkion afinitateaz aparte, euskal kulturarekin beste lokarri bat ere badu: Pablo Sarasate bibolinjole eta musikagile nafarraren musika. 'Liluratu egiten nau musikagile honek, bibolinarentzako idatzi zituen lanek iaiotasun izugarria eskatzen dute', adierazten du Xavierrek.

Agian aurten, Europan egingo dituen bira eta kontzertuen artean Euskal Herrian jotzeko ametsa betetzeko aukera izango du. Bitartean Argentina, Ukraina, Taiwan, Suitza, Italia eta Bosnian emango dituen kontzertuetara joateko aukera duenak EuskalKultura.com-eko Agendan topatuko du Xavier Inchausti adiskide euskal argentinarraren kontzertuei buruzko informazio eguneratua.


Lotura interesgarriak

'Inchausti, exaltación del arte del violín'
La Nación egunkari argentinarrean

Xavierren bideoa, Paganiniren 5. Kapritxoa jotzen
En www.Youtube.com

'Xavier Inchausti: Una vida a través del violín'
La Nueva Provincia egunkari argentinarrean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia